Kulturaldia

Erromeria gau bizia bart Aginagako Eliza Zaharrean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 18a, 14:44

Tapiak eta Leturiak dantzaleku handian bilakatu zuten Aginagako Eliza Zaharra larunbat gaueko kontzertuan.

Hitz emandakoa gogotik bete zuten. "Tapia-Leturiatarrak topera iritsiko gara Aginagara". Esan eta egin. Topera bete dute bart Tapia, Leturia eta taldekideek Aginagako Eliza Zaharra. NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldiaren baitan, Eliza Zaharra Elkargunearekin lankidetzan eskainitako kontzertua ezin arrakastatuagoa izan da. Goraino bete zuten zaletuek kontzertu gunea eta gogotik ikusi, entzun, eta are biziago dantzatu zuten emanaldi hasieratik bertatik amaierara arte, taldearen kantu ezagunen erritmora.

Talde osoak girotutako kontzertua izan zen, tarte batean, binakakoan aritu ziren baita Tapia eta Leturia. Jaiak albo batera utzita, gainerakoan, aspaldi ikusi gabeko erromeria gaua bizi izan zen bart Aginagan. Bazen bai, dantza bizian aritzeko gogoa.