23. Korrika

Bertsolaritzara hurbiltzeko aukera gaur AEK-ko ikasleek

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 13a, 10:21

Bertsolaritza Etumeta AEK euskaltegiko ikasleengana hurbiltzeko hitzordu berezi eta interesgarria antolatu dute 23. Korrikaren atarian asteazken honetarako, martxoaren 13rako, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.

Badatorren euskararen aldeko lasterketaren harira sortutako Korrika Batzordean aurkeztu zuen Onintza Gartzia herrikideak bertso saio hau eta bilgunetik bideratu ostean, asteazken honetarako, martxoaren 13rako finkatu dute. "Zarautzen ere parte hartzen nuen eta han ondo funtzionatzen zuen ekimena" zela azaldu dio NOAUA!ri. Bi zati izango ditu Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean 18:00etan hasiko den hitzorduak; trebakuntza zatia, eta segidan, herrikideak partaide izango dituen bertso saioa. Gaiak jartzen Gartzia bera arituko da. Onintzak osatu du parte hartzaile taldea; batetik, ostegunero 18:30etan Potxoeneko sotoan bertsotan libreki aritzeko biltzen diren Aitor Agirre eta Uxue Fernandez herrikideak, Udarregi ikastolan bertsolaritzari lotutako saioak eskaintzen dituen Lierni Rekondo eta Onintzaren Zarauzko ikastolako lankide Antton Fernandez.


Herrikideak oholtzan
Euskaltegiko ikasleak izango ditu hartzaile saio honek. "Talde eta maila ezberdinetako jendea bildu daiteke eta hori polita da", nabarmendu digu Gartziak. Korrika Kulturaleko hitzorduak herrian barrena zabaldu asmoz, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean egingo dute, gutxitan bezala herrikideak oholtza gainean kokatuko dituen ekitaldia. Izan ere, bertsotan ariko direnen artean izango da Aitor Agirre. Haurtzarotik ikastolan Amaia Agirreren eskutik hainbat klase jaso ostean, "eskolarteko bertso txapelketetan abestutakoa naiz", azaldu dio NOAUA!ri. Duela bost bat urte, zaletasun honi bide emateko taldea osatu zuten Potxoenean. "Talde irekia da. Etorri kantatzera", egin du gonbita. Berriki, Santa Ageda bezperan ere koplatan entzun ahal izan genuen usurbildarra. "Helburua ez da kalean kantatzea, baina norbaitek deitzen digunean gustura abesten dugu. Geure buruari erronka jartzea gustuko dugu". Halere, nabarmendu digunez, Korrikaren harira antolatu den hitzordu honetan, "halako bertso saio mota batean parte hartuko dudan lehenengo aldia izango da".

Talde kide du baita Uxue Fernandez. Aginagako saioa, Potxoenean "astero egiten duguna jendaurrean egiteko aukera" izango dela aurreikusi du, pizgarri edo erronka moduan ikusten du hitzordu hau. "Didaktikotik badu saioak, ez da ohiko jaialdi egiturako plaza bat. Akaso, bertsolaritzaz hainbeste "kutsatu" gabeko jende baten aurrean kantatzeak mugiarazten zaitu", izan ere, bere esanetan, "bada ezberdina, polita zentzu horretan". Bertsoak berarentzat duen magiaren "zipriztinen bat iristen bazaio norbaiti" baliagarritzat jo du saio hau. Oroitarazi digunez, aspaldidanikoa da bertsolaritzarekin duen hartuemana; 1995. urtetik Urretxuko bertso-eskolako kidea, 2001ean eskolarteko bertsolari txapelketan abestutakoa da, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere bai. Aurten jokatuko den lehiaketa horren ediziorako izena emana duela iragarri digu Fernandezek. 

Bertso saio berezi honetan gai jartzaile lanetan ariko da ekimen honen koordinazioaz arduratu den Onintza Gartzia. Sorterri duen Zarauztik datorkio zaletasuna, ikasle garaitik. "Andereño Rosa egokitu zitzaigun, hango bertso-eskolaren sortzaileeko bat. Harekin zaila zen ez bertso zaletzea", oroitu digu. Berari esker zaletu eta eskolarteko txapelketan parte hartu zuen eta Rosaren lekukoa hartu zuen egun lantoki duen ikastolan. Bertso-eskolan "nahiko talde handia gaude" azaldu digu. Horrez gain, gai jartzaile gisa trebakuntza saioak jasotakoa da Onintza. 


Elkargune baten eskaintza
Bistan denez, asko eman die bertsolaritzak lerrootako protagonistei. "Hitzekin jolasteko modua da. Asko erabiltzen dut egunerokotik ateratzeko", adierazi digu Agirrek. Horrekin batera, bertsolaritzak "oso jende ezberdina elkartzeko gune bat" eskaintzen duela gaineratu du Gartziak, beste lagunarte bat. Horretan eragin nahi dute baita hilaren 13ko saioarekin, "bere kabuz bertso saio batera gerturatuko ez direnengana gerturatzea. Agian, gero, haien kabuz animatuko dira beste saio batera. Zer ederra litzatekeen hori".