Jai egunetan murgiltzeko unea heldu zaie ikasleei. Gaurkoa, martxoaren 22koa dute, azkeneko klase eguna. Aurretik, udaberriko opor giro betean murgiltzeko bi aste izango dituzte. Une zirraragarriak bizita doaz atsedenaldi honetara. Izan ere, egunotan geure artetik igaro den 23. Korrikarekin bat egiteko aukera izan dute; bitan gainera. Gauean, udalerri hau alderik alde zeharkatu zuen lasterketa nagusian lekukoa eraman zuten ikastetxeek; lehenbiziko metroetan, hipodromoko zubitik hasita Zubietako eskolako kideek. Gauza bera egin zuten Kaxkoan, Udarregi ikastolako kideek. Azkenik, Aginagako eskolak haien herrian hartu zuen Euskal Herrian barrena eskuz esku dabilen lekukoa.
Euskararen alde lasterka aritu ziren bigarren aldia izan zen egun berean. Izan ere, hilaren 19an, bazkalostean, Korrika Txikiak ospatu zituzten ikastetxeek. Albiste honi atxikitako irudiotan Aginagako eskolako komunitateko kideek herriari itzulia eman zioten uneko irudi bilduma duzue; eskolatik bertatik helarazitakoa hain zuzen.