Usurbilgo EAJ-PNVk “pozez” hartu du Eusko Jaurlaritzak Aginagako tunelaren lanak martxan jarri izana

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 5a, 18:06

Eusko Jaurlaritzako trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen ETS erakundeak Aginagako tunelaren obra martxan jarriko duela iragarri du. "Honenbestez, usurbildarrak irabazten aterako gara", dio alderdi jeltzaleak. "Tren zerbitzu hobea izango dugu, bai Donostiarako noranzkoan, zein Zarautzerakoan".

Usurbilgo EAJ-PNVk pozik hartu du Eusko Jaurlaritzatik garraio publikoaren alde egin den apustua, "eta dagoeneko martxan dagoen Usurbilgo geltoki berriaren lanekin, zerbitzu irisgarriagoa izateaz gain, maiztasun lehiakorrak izango ditugu erabiltzaileok kostaldeko tren sarean".

Iragarpenarekin batera, epeak eta diru zuzkidura ere zehaztu dira. "Esleipen prozedura martxan ipini da, 40 hilabeteko epea aurreikusten da eta 32 milioiko aurrekontua. Modu honetan, hamarkada luzez eskaturiko proiektua errealitate izatetik gero eta hurbilago dago", alderdi jeltzaleak aditzera eman duenez.

 

Maiztasuna handituko da

Usurbilgo herria igaro ondoren, Euskotrenek Oria ibaiaren ibilgua jarraitzen du. Trazatuaren forma konplexuak eta errail bakarra izateak, nabarmen baldintzatzen du eskaintzen den tren zerbitzua. "Hemendik aurrera, 1,5 kilometrotako tunel berri bat eraikiko da, zuzenagoa, eta ibilbideko denbora 5 minututan aurrezteaz gain, sarearen gaitasuna asko hobetuko da, errail bikoitza izango baitu, norabide bakoitzean bana". EAJ-PNVren ustez, berrikuntza honek, "gaitasuna emango digu usurbildarroi trenbide maiztasun hobeak izateko. Gaur egun, 60 minutu edo 30 minutuko maiztasuna ematen den tokian, 15 minutu arteko zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna izango da".

Onurak egunero hiriburura lanera edo unibertsitatera doazen usurbildarrek igarriko dituzte, "15 minuturo kalitatezko garraio zerbitzu publikoa izango dutelako, berdin Orio edo Zarautz aldera joan nahi dutenek ere".

 

Mugikortasun jasangarriaren eta unibertsalaren alde

Ibilgailu partikularra ekiditeko, eta garraio publikoa indartzeko, funtsezkoa da zerbitzu erakargarria izatea. "Gurpildun aulkian edota haurraren karroarekin doazen erabiltzaileak, bizikletan mugitu nahi duten horiek… Edo kotxez ordez, trenez mugitu nahi duten horiek, ezinbestekoa dute azpiegitura modernoak eta zerbitzu erakargarria izatea, hor kokatzen dugu mugikortasun jasangarriaren eta unibertsalaren aldeko gure apustua".

 

Urbilen geltoki bat ipintzeko aukera aztertzearen alde

Etorkizuneko erronkak identifikatzeko garaia den honetan, EAJ-PNVk bestelako lehentasunak ere nabarmendu nahi ditu: "adibidez, interesgarria iruditzen zaigu Urbil merkatalguneko ingurunean geltoki berria izateko aukera aztertzea. Igo gaitezen etorkizuneko trenera".