Aginagako maiatzaren 4ko kontzertu gauerako sarrerak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 9a, 08:23

Kontzertu gaua antolatu du Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak maiatzaren 4rako. Parte hartzaileen artean izango dira herriko bi musika talde.

Kontzertu gaua iragarri du Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak maiatzaren 4rako. Hiru talde gonbidatu dituzte Eliza Zaharreko oholtza gainera. Batetik, Loita Amada galizarrak izango dira Aginagan. "Rematou o simulacro" izeneko bigarren lana aurkeztu berri dute. Lan hau Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuten, Kaki Arkarazo herrikidearen gidaritzapean. Rock ukituko abestiak edota Galizako musika tradizionala tartekatzen dute haien kantutegian. Bigarren lan hau ordea, rockeragoa da. 2022an hasi zen jardunean talde hau, "Viva a Loita Amada Revolucionaria" izeneko estreinako sorkuntza lanarekin.

Rukula 
Talde galizarrarekin batera, etxeko bi talde gonbidatu dituzte Eliza Zaharra Elkargunera; Rukula eta Zaparra. Rukulako kide dira Martxel Arkarazo (baxua), Jon Agiriano (gitarra), Aitor Pagola (gitarra) eta Oihan Agirretxe (bateria). "Traganarru" izeneko haien hirugarren diska aurkeztu zuten iaz. "Hazi beltzak" (2018) eta "Rukula" (2016) izenekoak dira aurreko biak.

Azkenik, Zaparra. Berriki albiste izan dugu. Izan ere, "Azalberritzen" izeneko diskoa plazaratu du talde usurbildarrak; Jon Mikel Azpiazu Zubeldiak, Jon Guadix Dominguezek, Endika Larrañaga Matxainek eta Mikel Romero Aizpuruak. Andoaingo Garate Studiosen erregistratua izan da. Martxel Arkarazo arduratu da grabaketaz, nahasketaz eta masterizazioaz. 

'Orbanak iruditan' aurrerapen kantaren plazaratu dute eta baita 'John Wine' bideoklipa. Mattin Aierbek zuzendu du western kutsuko ikusentzunezkoa eta kantaren grabazioan Pello Artabe abeslariak (Kristonak) eta Ata Romero harmonikajoleak (The Hastelen's)  hartu dute parte. 'John Wine' bideoklipean herritar ugari ikusiko dituzue aktore lanetan. Pertsonaia nagusiaren larruan Mattin Iribar aktorea sartu da. Sheriffa Joseba Aierbe da, eta Karmele Matxain eta Montse Dominguez, sheriffaren laguntzaileak. Sukaldaria Joxemari Alduntzin, harakina Iker Alduntzin eta tabernaria Peio Larrañaga. Pepe Guadix, Ata Romero, Jon Azpiazu, Maite Zubeldia eta Ana Aizpurua ere ageri dira Mattin Aierbek zuzendu duen bideoan. Koldo A. Gabarain argazki zuzendaria, Jon Santamaria Izko muntaia arduraduna eta kredituen egilea, Rubén Otero eta Alex Varela. Ogeita4-ko kameralariek eta Argilun argitazpen enpresak ere jardun zuten grabaketan. Albiste honi atxikia duzue.

Sarrerak
Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak maiatzaren 4rako iragarri du kontzertu gaua. 22:30etan hasiko den hitzordurako sarrerak eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman edota Aginagako Arrate tabernan.