"Goazen kalera"

"Ekimen polita, balorazio bikaina eta hurrengorako gogotsu!"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 25a, 10:11

"Usurbil, goazen kalera" dinamikaren bigarren ibilaldia Aginagan egin dute aste honetan. "Ekimen polita, balorazio bikaina eta hurrengorako gogotsu!" direla adierazi dute egitasmoarekin bat egin duen bertako eragileetako batek; Aginagako eskolak.

NOAUA!ra helarazitako oharrean, asteartean, apirilaren 23an, "Goazen kalera" dinamikaren baitan, Aginagan barrena eginiko ibilaldian bizitakoa partekatu dute Aginagako eskolakoek hedabide honen irakurleekin.

Gogoan izan, sendotuta itzuli zen ekimen hau iragan apirilaren 16an. Aurrerantzean, asteartero Usurbilgo herri eta auzoetan ordubete pasatxoko ibilaldietan parte hartzeko aukera izango du asteartero, hala nahi duen herritar orok, aurrez izena eman beharrik gabe.

Hurrengoa, Kaxkoan berriz
Usurbilen hasi zuten dinamika honekin bat egin zuen Aginagak herenegun. Izan ere, tokian tokiko eragileek sustatuko dute ekimen hau; hilaren 23ko kasua, bertako eskolak nahiz jubilatuen elkarteak.

"Ariketa fisikoa egin eta komunitate izaera sustatzeko aukera  eskaintzen digu Usurbil, Goazen Kalera ekimenak. Izan ere, belaunaldi artekotasunaz gain, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzeko aukera emango digu", diote ekimen honen bultzatzaileek. Adi datozen deialdiei; hilaren 30an Usurbilgo Kaxkoan egingo da ibilaldia, maiatzaren 7an Santuenean, maiatzaren 14an Usurbilgo Kaxkoan, maiatzaren 21ean Usurbilgo Kaxkoan (ekintza berezia), ekainaren 4an Zubietan, ekainaren 18an Usurbilgo Kaxkoan.


Aginagako eskolakoen oharra
Eguraldi txarra...nork esan du hori? Mordoxka elkartu gara eta tipi tapa Mapileraino iritsi ere bai. Bidean erronka bota digute jubilatuek: " zenbat piper daude sail honetan?" Estimazio zaila...17.000omen! 

Sagarrondoak loretan, patata hazten, koko fibrekin hazitako landareak, angula eta gulen istorioak, mendi puntara barkua igo zutenen kontakizunak...eta bide erdian, Mapilen zain Maritxu! Alarekin garai batean arrantza nola egiten zuten kontatu digu. Ondoren baserriko txokora pasa arazi eta bertan bere margolanak erakutsi dizkigu. Artista dugu Maritxu, gero! 

Zaparrada eta zaparrada artean Elutxetik egin dugu buelta eskolaraino eta bertan hamaiketakoari gogotsu egin diogu haginkada, gorputzak berotan sartzen zitzaizkigun bitartean. 
Ekimen polita, balorazio bikaina eta hurrengorako gogotsu!