Aginaga eta Usurbil airetik

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 21a, 07:08

Maiatzaren 12an gure artetik igaro zen Itzulia Women ekimenak inguruon ezohiko ikuspegi bat begiztatzeko aukera eman zigun.

Usurbil eta Aginaga gutxitan behatzeko moduko ikuspegia eskaini zigun berriki Itzulia Women txapelketak. Gogoan izango duzue, maiatzaren 12an emakumezkoen Euskal Herriko txirrindulari txapelketako azken etapak inguru hau zeharkatu zuen, abiapuntu bera izan zuen helmugara, Donostiara iritsi aurretik. Asteburu hartan jokaturiko hiru jardunaldiak zuzenean eskaini zituen Euskal Irrati Telebistak. Txirrindularien bueltan kamerekin grabatutako zuzeneko irudiak erakutsi zituzten, baita helikoptero bidez airetik hartutakoak ere.

Txapelketa hauetan herriz herri parte hartzaileak nola igarotzen diren ikusteko aukera izateaz gain, tokian tokiko parajeak begiztatzeko aukera ederra eskaintzen dute ekimenok. Kasu honetan, Aginagako eta Usurbilgo txoko ederrez zein herriguneak egunerokoan ikusi ezin dugun perspektibatik behatzea ahalbidetu zigun EITB-k. Emisio hartatik jasotako irudiok dituzue segidan.