Egurrezko ontzietan egindako Euskal Herriko 6. sagardo txapelketara edariak aurkezteko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 31a, 08:20

Ostiral arratsaldeko 19:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte ekoizleek, txapelketa honetara aurkeztu beharreko sagardo botilak.

Egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko seigarren txapelketa iragarri dute Alkartasuna Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak ekainaren 9rako. Usurbilgo Udalak, Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak eta Euskal Sagardoak lagunduko dute ekimena.

Aipatzekoa, laguntzaileen artean, Eliza Zaharra Elkargunea. Izan ere, aurreko edizioak Usurbilgo frontoian ospatu izan dira. Seigarrenak eskenatoki aldaketa dakar; Aginagako Eliza Zaharrean egingo da, datorren ekainaren 9an, igandearekin. "Ekarri zure sagardoa eta parte hartu", egin dute gonbita antolatzaileek.

"Euskal Herriko edozein sagardogilek parte har dezake, lanbide duenak edo ez, sagardotegietakoak bezala etxerako egiten duenak ere", antolatzaileen esanetan.

Ekimenean izen-emateko epea zabaldu dute. Parte hartu nahi duenak maiatzaren 31ko arratsaldeko 19:00ak baino lehen, zortzi sagardo botila eraman beharko ditu sagardogile bakoitzak, "denak kalitate berekoak", antolatzaileek ohartarazi dutenez, Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibara. "Garbiak izango dira, ez dute inolako arrastorik edo etiketarik izan behar".

Kalitatezko produktuei gorazarre
Maider Larrañaga sommelierra (Arteaga, Arrasate), Dani Corman (Basque Culinary Center, Donostia) eta Irati Amondarain enologoa (Andoain) arituko dira epaile lanetan.

Txapelketa honi buruzko argibide gehiago, bideotatik jaso ahalko da:
sagardoa@ni.eus 
630 938 027
alkartasuna.eus

Egurrezko ontzietan egindako Euskal Herriko 6. sagardo txapelketa
Ekainak 9, igandea
09:30 Aginagako Eliza Zaharra Elkargunearen egoitza irekiera.

10:00 Dastaketaren hasiera.
Epaimahaiak lehen dastaketa batean, azken dastaketara igaroko diren sagardoak
aukeratuko ditu, gainontzekoak lehiaketatik baztertuz.

12:30 Lehiaketaren azken dastaketa.
Azken dastaketa horretan erabakiko da zeintzuk diren lehen sari nagusia, bigarrena eta hirugarrena eskuratuko duten sagardoak. Era berean dastaketa horretara iritsi diren sagardo guztien sailkapena egingo da.

Ondoren, sari banaketa.
Saria jasotzeko unean eskuratzen duen sagardogilea bertan izango da, bestela hurrengoari emango zaio. Hiru sari banatuko dituzte:
-1. saria: Usurbilgo Herriko Etxea Saria diren 1000€ eta Sariaren Ziurtagiria.
-2. saria: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 450€ko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.
-3. saria: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 100€ko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria

Oharrak:
Sagardoa ekarri duten partaide guztiek dastaketan parte hartzea eskatuko zaie. Sagardogile guztiak bertan egon beharko dira.

Antolatzaileak: Alkartasuna Kooperatiba eta Sagardoaren Unibertsitatea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea, Euskal Sagardoa.