27 lehiakide erakarri ditu igande goiz honetan, ekainaren 9an, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean ospatu den Egurrezko Sagardoaren Euskal Herriko 6. Txapelketak. Lehiakideok, gainera, zeresana eta erabakitzeko aukera izan dute lehiaketaren lehen fasean. 27 ekoizleok epaimahaiko kideekin batera, gerora, finalerako sailkatu diren bederatzi sagardo onenak hautatzeko lanetan aritu dira. Epaimahaiko kide diren adituen gidaritzapean, dastatzeko irizpide edo parametro ezberdinak ikasi eta edariok zerotik hamarrera arteko puntuazioarekin baloratzeko aukera izan dute.
"Denok dastatuko ditugu sagardo hauek"
Erabat parte hartzailea izan da txapelketa hau, hortxe aurtengo berrikuntzetako bat, lehiaketaren espazio aldaketarekin batera. "Orain arte epaimahai batek bakarrik erabakitzen zuen. Sagardoa ekarritako jendea geratzen zen ez zekiela zer esan edo zer esan zen beren sagardoari buruz. Aurtengo nobedadea dugu, denok dastatuko ditugula sagardo hauek", iragarri du dastaketaren hasieran antolatzaileen izenean, Jakoba Errekondok. Modu hau, "hitz egiteko eta ikasteko erabili nahi dugu", gaineratu du.
Izan ere, Errekondok gogorarazi duen moduan, txapelketa hau urte osora hedaturiko egitarau zabalago baten baitan kokatua dago; formakuntza, trebakuntza, ezagutza eta orohar, sagarraren kultura sustatzen duen eskaintzaren barruan. "Sagardoaren kultura, sagarraren bihotza izena jarri genion. Horren barruan, urtean zehar, ekitaldi desberdinak egiten ditugu; dastaketa, ikastaroak, formakuntza... Tartean dago, egurrezko sagardoaren txapelketa hau. Duela sei urte hasi ginen, uste dugulako egurrak baduela zeresana sagardoaren munduan eta pentsatzen dugu etorkizunean gako garrantzitsuenetako bat izango dela sagardo desberdinen garapenean, gaur egun dagoeneko ikusten ari garen moduan".