Aurten indarberrituta itzuli den Euskal Herriko Egurrezko Sagardo Txapelketaren seigarren edizioko sarituak dituzue lerrootan. 27 izan dira, estreinakoz Sagardo Egunetik edo San Tomas azokatik kanpo eta Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean egin den lehiaketako parte hartzaileak.
Bi faseetan banatu dute sagardo sarituak hautatzeko prozesua. Lehenengoan, dastaketa irekia egin dute deialdira aurkeztu diren ekoizleek. Epaimahaiko hiru kideek, Maider Larrañaga, Dani Corman eta Irati Amondarain adituek gidatu dute dastaketa saio hau. Hortik bederatzi sailkatu dira azken fasera. Bederatzi sagardook aipatu hiru kideok baloratu dituzte eta haietatik hiru izan dira, azkenean, sarituak. Segidan duzue haien berri. Amaieran, banatu dituzte sariok. Usurbilgo Udaleko nahiz Alkartasuna Kooperatibako ordezkariek parte hartu dute sari banaketan.
Egurrezko Sagardoaren Euskal Herriko 6. Txapelketa
1. saria, Usurbilgo Herriko Etxea Saria:
-Saritua: Edurne Aranburu.
-Saria: 1.000 euro eta Sariaren Ziurtagiria.
2. saria, Alkartasuna Kooperatibaren Saria:
-Saritua: Anartz Miner.
-Saria: 450 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.
3. saria, Alkartasuna Kooperatibaren Saria:
-Saritua: Jon Gallego.
-Saria: 100 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.
Antolatzaileak: Alkartasuna Kooperatiba eta Sagardoaren Unibertsitatea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea, Euskal Sagardoa.