Egurrezko Sagardo Txapelketa

Lehia estua 27 parte hartzaileren artean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 9a, 19:44

Epaimahaiak gogotik lan egin du Euskal Herriko Egurrezko Sagardo Txapelketako edari onenak hautatzen.

Euskal Herrian egurrezko ontzietan ondutako sagardoari gorazarre egiteko eguna izan da igande hau, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean. Elkargunea baino dastagunea izan da gaurkoan. Izan ere, Egurrezko Sagardoaren Euskal Herriko Seigarren Txapelketa ospatu dute bertan. Lehiara edariak aurkeztu dituzten 27 ekoizleak sagardook dastatzen jarri dituzte, gerora epaile lanetan jardun duten hiru epaimahaikideen gidaritzapean. 27tik hiru hautatu behar zituzten gero, finalera sailkatu diren bederatzi sagardoetatik.

Ez dute lan erraza izan Maider Larrañaga sommelierrak (Arteaga, Arrasate), Dani Cormanek (Basque Culinary Center, Donostia) eta Irati Amondarain enologoak (Andoain), sagardo guztiak goraipatu dituzte. Hiru izan zitezkeen ordea, sarituak. Antolatzaileek jakinarazi duten moduan, "hitz egin eta eztabaidatu" ostean, adostasun batera heldu dira.

"Sagardo gastronomikoa"
Hirugarren sagardo onena Jon Gallego herrikidearena izendatu dute. Irati Amondarainen esanetan, sagardo gastronomiko gisa definitu du. "Sagardo potentzial bat jatetxe on batean janariari ondo lagundua joaten dena". Dani Cormanek oso atsegintzat eta sakontasun handikotzat jo du Gallegok aurkezturiko edaria. Bere esanetan, "horrek egingo du hobeto konbinatzea elikagaiekin. Janaria eskatzen duen sagardoa da. Asko gustatu zaigu".

"Oreka oso ederrekoa"
Bigarren saritua Anartz Minerren sagardoa izan da. Maider Larrañaga epaimahaikidearentzat, sarituen artean "apur bat freskoena", zuku ukitukoa. "Txuleta batekin ze atsegina eta gozoa izango zen. Nahiz eta estilo apur bat ezberdina izan besteekin alderatuta, iruditu zaigu oso ezaugarri politak dituela. Askotan komentatu dugun oreka ere oso ederrekoa".

Dani Cormanek "asko gustatu zaidan" ezaugarri bat azpimarratu nahi izan du. "Sagardo oso fina da, oso elegantea, baina era berean intentsitate handia du. Aho-zapore oso atsegina du. Ardo ederrekin gertatzen den moduan, leuna, baina era berean intentsitatea  eta sakontasuna du". Amondarainek egurra eta sagar fruituaren arteko oreka aipatu du.

"Krematsua ahoan sartzerakoan"
Sagardo txapelketa honen irabazlea, Edurne Aranburuk aurkezturiko edaria izan da. Dastatze fasean Amondarainen taldean probatu dute sagardo hau. Pozarren agertu da txapeldun amaitu dutelako. "Hemen pertsona ezberdinak gaude, gustu ezberdinekoak, baina denok bat egin dugu edo gehienok bai behintzat, sagardo hau oso orekatua zegoela, oso ondo eginda eta positiboki gauza asko aurkitzen genizkiola adierazterakoan".

Cormanek gaineratu duenez, "asko gustatu zaidan gauza bat, da krematsua dela ahoan sartzerakoan. Burbuila edo txinparta ondo jarritakoa du, orekatsua da, sakonera duena. Egia esan, maila bikaineko sagardoa dela iruditu zait. Kolore oso polita du". Ildo beretik mintzatu da baita Larrañaga. "Oso orekatua zegoen sagardoa izan da, oso elegantea. Ahoan zein sudurrean ezaugarri horiek denak batuta zeuden amaierako produktuan".