2023-24 ikasturtearen amaiera

"Aiton-amonek Aginagako eskolarekiko duten begirunea eskertu nahiko genuke"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 19a, 08:16

Argazkia: Aginagako eskola.

2023-24 ikasturtea agurtzear duten honetan, eskerrak helarazi nahi dizkiete Aginagako eskolakoek aiton-amonei "aurten ere eskola komunitatearekin bat egin eta elkarrengandik ikasteko aukera emateagatik!".

Agurtzear dute 2023-24 ikasturtea Aginagako eskolan. Ostiralean, ekainaren 21ean, festa giroan borobilduko dute oporretara eramango dituen amaierarekin. “Ikasleek prestatutako gala, komunitatean bazkaria eta sorpresaren bat egon daiteke bazkal ondoren!”, iragarri dute. Segidan duzue osatu duten egitaraua. Ikasturte amaiera honetan, gainera, ondoko eskertza helarazi nahi diete aiton-amonei, eskolarekiko agerturiko begiruneagatik.

Ekainak 21, ostirala
12:00
Gala.
13:30 Bazkaria jubilatuen eskutik.
Txartelak 20 eurotan eskuratu ahalko dira Arrate tabernan izena eman behar da ekainaren 6a baino lehen.
17:00 Musika.
Antolatzaileak: Antxomolantxa, Eliza Zaharra, Arrate jubilatuen elkartea, San Praixku guraso elkartea eta Aginaga Herri Eskola.



Eskertza
Maiatzean euri eta ekainean segi bustiarekin ere....Zorioneko gu, laino beltzen gainetik ageri den eguzki izpi txikienak ere balio digulako!  Eskola txikia dugu gurea, baina pertsona handiak topatzen ditugu gure auzoan. Beti eskolako haurrei laguntzeko prest egon ohi dira aiton-amonak: azokarako oihalak josteko prest, gozogintzan errezetak erakusteko prest, baratza martxan jartzeko prest... eta kurtsoa amaitzen ari den honetan ere ez ditu eguraldiak kikildu. Maiatzean txikitako jolasak ekarri zituzten eskola aurrera: Tabak, kanikak, zibak, txapak, toka, lokotsak, baita hankei eraginez aurrera egiten duen lurreko trainerilla eta trebetasun berezia eskatzen duen uztaia ere! Irribarrea eta ilusioa izan ziren nagusi erronka bakoitzeko eta elkarrekin gozatuz, jolasaren  esperientziatik edan genuen denok. 

Ekaina berriz ekintzaz beteta datorkigu. Azken emanaldiaren aurretik, irteera ezberdinak egiteko tarteak  topatzen ditugu zaparrada eta zaparrada artean. "Zero km" lemapean, Aginagako bazterrak ezagutzen jarraitu dugu jubilatuen gidaritzapean: baserriak, urtegiak, bide berriak edota Oria errioaren ikuspegi zabalaz gozatzeko tokiak. Eskerrik asko aurten ere eskola komunitatearekin bat egin eta elkarrengandik ikasteko aukera emateagatik!