Uztailaren 26an Parisen emango dieten hasiera ofizialari itxaron gabe, olinpiar jokoak hasi dituzte... Aginagan! Mundu mailako hitzordu entzutetsu honi ongi etorria eman diete Aginagako eskolakoek ostiral eguerdi honetan, Eliza Zaharra Elkargunean egin duten ekitaldian. Metxa ofiziala piztearekin batera, kirolari talde ezberdinei harrera eginda ekin diote, nola ez, ikuskizun bilakatu duten kirol jaialdiari.
Izan ere, aurkezpen lanetaz arduratu diren ikasleek Eliza Zaharrera hurbildu diren senide eta lagunei gogorarazi dieten moduan, azken hiruhilekoan landu duten proiektua gai horri buruzkoa izan da. Hiruhileko hau jendaurreko emanaldi bereziarekin agurtu dute, baita bide batez, 2023-24 ikasturtea ere.
Merezitako oporraldira emanaldi hau eskaini eta aiton-amonek sukaldaturiko bazkari eder askoaren ostean joango dira. Bazkaloste musikatua iragarri dute, gainera, Aginagan.
"Aiton-amonek Aginagako eskolarekiko duten begirunea eskertu nahiko genuke"
Ikasturte amaiera honetan, gainera, ondoko eskertza helarazi nahi diete aiton-amonei, eskolarekiko agerturiko begiruneagatik.
"Maiatzean euri eta ekainean segi bustiarekin ere....Zorioneko gu, laino beltzen gainetik ageri den eguzki izpi txikienak ere balio digulako! Eskola txikia dugu gurea, baina pertsona handiak topatzen ditugu gure auzoan. Beti eskolako haurrei laguntzeko prest egon ohi dira aiton-amonak: azokarako oihalak josteko prest, gozogintzan errezetak erakusteko prest, baratza martxan jartzeko prest... eta kurtsoa amaitzen ari den honetan ere ez ditu eguraldiak kikildu. Maiatzean txikitako jolasak ekarri zituzten eskola aurrera: Tabak, kanikak, zibak, txapak, toka, lokotsak, baita hankei eraginez aurrera egiten duen lurreko trainerilla eta trebetasun berezia eskatzen duen uztaia ere! Irribarrea eta ilusioa izan ziren nagusi erronka bakoitzeko eta elkarrekin gozatuz, jolasaren esperientziatik edan genuen denok.