Larunbateko Aginagako Uraren Festa atzeratu egin dute

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 4a, 10:32

Uztailaren  6rako iragarria zuten Uraren Festa atzeratzea erabaki dute.

Uda giro beteko ekintzak nagusitzen ari diren arren, ez dugu momentuz, urte garai honetako egun eguzkitsu eta beroak bizitzeko aukera handiegirik. Ezta aste honen hondarrean ere. Horregatik, unean uneko girora egokitu beharrean dira zenbait ekintza, Usurbilgo jaietan gertatu den moduan. Hala, larunbat honetarako, uztailaren 6rako, Aginagan antolatua zuten Uraren Festa atzeratzea erabaki dute, antolatzaileek ohartarazi dutenez, "eguraldiaren iragarpena dela eta". 

Bertan behera utzi dute hitzordu hau momentuz, noiz egingo den erabaki artean. "Aurrerago zehaztuko dizuegu data berria", ohartarazi dute. 

Euria larunbatean
Larunbatean egitekoa zuten Uraren Festa egunerako euria egingo duela iragarri du hain zuzen, Euskalmet meteorologia agentziak. Uztailaren 6rako aurreikusi duenez, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri txikia egingo du, noizbehinka ertaina. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira". 

Egun horren aurretik, gaur, uztailak 4, euririk ez baina "zerua hodeitsu egongo da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da, tarteka bizia. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez". Bihar, ostiralean alegia, bai, bero eguna izango dugu. "Goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Eki-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarteka bizia, arratsaldean ipar-ekialdeko haizea nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.