1000. NOAUA!

Maialen Lujanbioren emanaldirako sarrera guztiak saldu dira

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 18a, 13:58

Maialen Lujanbiok rr-6-erre(AH)ala izeneko emanaldia eskainiko du gaur arratsaldeko 19:30ean, Aginagako Eliza Zaharrean. Bertsorik ez da faltako, "baina beste leku batzuetara joko dut eta hitz lauz, hitz bakanez eta bestelako formatuetan ere arituko naiz". Sarrera guztiak saldu dira. 

2018. urtean eskaini zenuen ‘rr’ emanaldia lehen aldiz. Seigarren aldaera aurkeztuko duzu Aginagan. Urtez urte, eraldatzen joan den emanaldi bat dela ondorioztatu dezakegu?
Hori da. Horregatik gehitu diot zenbakia. Markoak edo proiektuak rr du izena. Hasi nintzenetik hona, emanaldiak ez dira ugariak izan. Baina txanpa batetik bestera, denbora pasa da eta aldiro zenbaki batekin izendatu dut; bestelako bertsio bat dela adierazteko edo. Biratxo osatuena 2022. urtean egin genuen baina hasi, lehenago hasi ginen bai, 2018an edo.

Hitz joko baten emaitza da izenburua: rr-6-erre(AH)ala. Gaurkotasunari, aktualitateari egiten dio erreferentzia erre(ah)ala-k ala bestelako azalpena du izenburuak?
Izenburua anbiguoa eta orokorra da, eta hala nahi nuen. Emanaldiak garaiarekin eta lekuarekin lotura du, nolabait esanda. Gure garaiaren kontuei buruz ari da. Beraz, badu errealitatearekin lotura eta, era berean, kixkaltzen ari den garai hau iradokitzen du.

Bertsozaleak bat-bateko saioekin lotzen zaitu. Halaxe aritzen zara gainera, batetik bestera. Plazara, ohiko bertso-saio batera hurbiltzen den horrek zalantza bat izango du ziurrenik: Aginagan eskainiko duzun emanaldia bertso-saio baten dinamikatik oso aparte egongo al da?
Ez dakit distantzia kalkulatzen baina ez du zerikusi handirik bapateko bertso-saio batekin. Batetik, ni bakarrik nagoelako oholtza gainean eta bapateko saio batean ezinezkoa litzateke bakarkako saio bat egitea. Bestetik, emanaldiko testuak ez dira bapatekoak izango. Ekintzak eta testu zatitxoren bat izango dira bapatekoak baina piezak idatzizko testuak dira. Beraz, ez du bapatekoarekin hainbesteko loturarik.

Hizkuntza tratatzen da baina hizkuntzaren plastizitate horrek forma ezberdinak hartzen ditu. Bertsoa bada noski, baina beste leku batzuetara ere joko dut, eta hitz lauz, hitz bakanez eta bestelako formatuetan ere ariko naiz.

Egia esan, bapateko saioarekin ez du zerikusi handirik. Ezinbestez, idatzizko testuek emanaldiari beste izate bat ematen diotelako, beste aire bat eta beste trinkotasun bat.

Irudi proiekzioak ere baliatzen dituzu emanaldian. Bertsoak bezain besteko pisua izango dute irudiek ala bertsoetarako makulu modukoak izango dira?
Ez dago espektakulartasunik. Emanaldia oso xumea da, soila. Ez dauka pirotekniarik. Proiekzioak eta soinuak lagungarri dira, osagarriak, baina haria eta pisua hitzak darama. Alde horretatik bertso-saio baten tankerakoa litzateke. Pisua hitzetan dagoelako. Beste elementu batzuk daude, bertso-saioetan baliatzen ez ditugunak. Baina funtsa hitzetan dago. Entzuteko emanaldi bat dela esango nuke, trinkoa eta soila.

Azken urteotan, behin baino gehiagotan aritu zara Aginagan. Jakoba Errekondo eta Andoni Egañarekin batera, sagastietan barrena entzun zaitugu kantari. Oraingoan baina Eliza Zaharrean abestuko duzu. Ezagutzen al duzu aretoa? 
Iñurri elkarteak antolatutako bertso-saio batean abestu nuen eta orduan ezagutu nuen berrituta. Kristoren inpresio ederra egin zidan eta nirea bezalako emanaldi berezi bat egiteko toki polita dela iruditzen zait.

Garai batean eliza izan zena, bestelako prediku laikoen aterpe bilakatu izana, ez al da oso poetikoa bere horretan? Aginagarrek kudeatzen dute gainera. Horrek ere zerikusia izango zuen tokia aukeratzeko garaian.
Lekuek ere izaera bat ematen diete emanaldiei. Saiatzen naiz leku ahalik eta goxoenak topatzen, nire gustuko izaera dutenak topatzen. Aurreko batean Bergarako kartzela zaharrean aritu nintzen, eta uztailaren 18an Aginagako eliza zaharrean izango naiz. Bi errehabilitazio eder iruditzen zaizkit; bizitzari, kulturari eta jendeari emateko. Biek badute halako izaera bat. Ekimen kulturalen aldeko apustua egin dute eta autoantolakuntzan ari dira... Zentzu ideologiko bat ere badu aukeraketa honek. Esker onez egin dudan aukeraketa izan da.

rr-6-erre(AH)ala emanaldiaren lau saio iragarri dituzu uda honetarako: Elizondon, Bergaran, Lekeition eta Aginagan. Hiriburuetara jotzeko aukera gailentzen ari den honetan, zuk er
tzera jo duzula esan daiteke, ezta?
Ardatz ezberdinak hartu ditut kontuan. Lurraldetasuna, esate baterako. Saioak geografikoki sakabanatu nahi izan ditut. Euskararen lurraldean, leku ezberdinetara iritsi nahi dut, eta leku horietan izaeradun espazioak topatu. Baina horrek ez ditu hiriburuak kanpoan uzten, ze rr emanaldiaren bosgarren aldaera egin genuenean, hiriburuetan ibili ginen. Dena den, hiriburuetan ere bestelako tokiak bilatu genituen, ohiko zirkuitutik aparte daudenak. Udazken partean segida emango diot biratxo honi eta lurraldetasunaren irizpideari eutsiko diot. 

 

"NOAUA! bezalako hedabideek informazioa zabaldu eta munduari begiratzeko beste diafragma bat eskaintzen dute"

NOAUA herri aldizkariak 1.000. zenbakia plazaratuko duen astean hurbilduko zara Aginagara. Usurbildarren –eta aginagarren– mundua, gure modura kontatzeko aukera eskaini digu aldizkariak. Hein batean, elkarren artean komunikatzeko aukera hau ere bada komunitatea osatu eta artikulatzeko modu bat, ezta?
NOAUA aspalditik ezagutzen dut, Usurbil ere nahikoa gertukoa zait... NOAUAk bezala, tokian tokiko herri hedabideek oso funtzio inportantea jokatzen dutela uste dut, eta esparru askotan gainera.

Batetik, komunitatea saretzeko, trinkotzeko eta elkarren berri izateko oso garrantzitsuak dira. Herriari begiratu eta foku bat jartzen dioten aldetik, oso kohesionatzaileak dira, herriko kontuak konpartitzen dituztelako. Alde horretatik, oso inportanteak dira.

Gainera, informazioa zabaldu eta munduari begiratzeko beste angelu bat eta beste diafragma bat eskaintzen dute. Beste eskala batean begiratzeko aukera. Gaur egun dena makro, dena global, dena sare sozial den honetan, eta informazioa generalizatzeko joera nagusi den garaian, inportantea da optika honekin begiratuko duen komunikabide bat egotea. Lekuan ardaztutakoa, eta ez kanpo logika batekin. Hemengo komunikabide handiek maiz Madrilgo ardatzarekin funtzionatzen dute eta bertakoan autozentratutako komunikabideak behar ditugu. Esparru txikiago bat jasoko dutenak eta, hartara, hura sakontzeko aukera eskainiko digutenak.

Hizkuntzaren ikuspegitik ere, oso inportanteak dira. Nik Hernaniko Kronikaren kasuan garbi ikusten dut hori: jende erdaldun askok, edo euskaldun aktibo ez diren askok, edo euskaraz egiteko kapazitaterik sentitzen ez dutenek ere jasotzen dute Kronika, eta interesatzen zaie. Eta hori ere oso inportantea da. Eta bilketa edo aglutinatzaile lan hori egitea ere oso garrantzitsua da hizkuntzaren ikuspegitik.