Agurreko diskurtsoa zuen, bizitakoa adierazi, ibilbidea goraipatu, esker ona agertu eta etorkizunera begira jartzeko unea. Hamar urteko ahalegin itzelaren ondotik, NOAUA! K.E.-ren lehendakaritzan ibilbidea amaitutzat eman du Idoia Torregarai Martijak, hedabide honen papereko edizioa milagarrenez plazaratu ostean.
Ibilbide emankor honetako azken adierazpenak, milagarren NOAUA! oroitzeko ostegun arratsaldean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko ekitaldian egin zituen Torregaraik. "Erraz esaten da", zioen Aginagako elkargunean Idoiak, NOAUA! K.E.-k eginiko ibilbideari buruz. 90. hamarkadara atzera egin zuen lehenik. 22 urte ziren, kazetaritzako ikaslea zen herri hedabide hau sortzeko lehen urratsak eman ziren garaian. "90. hamarkada erdialde hartan, bazen olatu bat; herri komunikabideak hasi ziren sortzen herriz herri. Usurbilek ere behar zuen berea, azken finean, konturatu ginelako eta oso nabarmena zelako garai hartan, albisteak euskaraz irakurtzeko ohiturarik eta biderik ez zegoela".
"Onena aukeratu genuen"
Behar edo erronka horri heldu zion Usurbilek garai hartan. "Horretarako hasi ginen biltzen. Euskaraz, bertatik bertara eta Usurbilgo etxe guztietara iritsiko zen aldizkari bat sortzeko ideia lantzen hasi ginen. Hantxe egin genituen ez dakit zenbat bilera, zenbat herritar mugitu zen, hemen haietako asko ikusten ditut".
Gogoan du, herri proiektu honen izenaren hautaketa. "Asko atera ziren. Zerrendak jarri genituen tabernetan eta, azkenean, onena aukeratu genuen; NOAUA!. Nik uste hobeagorik ez zegoela".
Proiektua martxan jarri eta askotariko zereginetan aritu da Idoia hastapenetatik gaur arte, besteak beste, kazetari, kolaboratzaile nahiz azken hamarkadan lehendakari gisa. "Niretzako NOAUA!-k alde batetik, erakutsi zidan ofizioa. Gauza bat ikasgelan irakasten dena da. Ofizioa NOAUA!n ikasi genuen", oroitarazi zuen moduan, Zendoia ondoko garai bateko Correoseko egoitza zaharrean. "Han ikasi genuen herrigintzako proiektu bat, herriarekin lotzen den proiektu bat zer den". Nabarmendu zuenez, euskararekin batera, herri egitasmo honen bueltan bildu ziren berarentzat "ofizioa, afizioa eta proiektu honekiko maitasuna".
"NOAUA! proiektu herritarra da"
Hasiera-hasieratik NOAUA! K.E.-k izan duen izaera herritarra goraipatu zuen Torregaraik, lehendakari gisa hitza hartu zuen azkeneko aldi honetan. "NOAUA! proiektu herritarra da, jende askok egiten duena, hori da azpimarratu eta balioan jarri behar duguna".
Argi zioen, "ilusioarekin lotzen dut baita NOAUA!". Izan ere, "irudikatzen al duzue, gaur egun Usurbil bat eta Aginaga bat NOAUA! gabe?". Ziurrenik ez, baina oroitarazi zuen moduan, "lan asko dago atzetik eta ez dago ezer irabazia, egunero egunero egin behar dugu lan" eta ohartarazi zuen moduan, "ez da emantzat eman behar den" proiektu bat, "ahulak ere bagara eta, uneren batean erabaki ekonomiko batek hankaz gora" jar dezake guztia.
"Kalitatezko, euskarazko informazioa, zero kilometrokoa"
Ilusioa beraz, NOAUA!-k herrian duen txertatze mailagatik, baita urtean zehar hainbat dinamika (inauteriak, San Tomas azoka, Kulturaldia, film proiekzioak...) bideratzen dituen kultur elkarte honek 28 urteotan egin duen ibilbideagatik ere. "Ilusioa ematen dit baita NOAUA!-k jauzi digitalari ondo heldu diolako. Beti esaten zen teknologia berrietan egon behar ginela eta gaur egun ziur nago Usurbilekin lotura duena NOAUA!-n begiratzen dugula eta hori altxor handia da; kalitatezko, euskarazko informazioa, zero kilometrokoa, hori da NOAUA!" .
Eta baita askoz gehiago ere. Hain zuzen, Usurbilgo bizitzan sartua dagoen herri proiektua da NOAUA!, sarean lan egiten duena. Horren harira, herrikide, eragile eta Udalarekin batera, hainbat proiektu abiarazi ditu azken urteotan; hortxe dugu opor giroko aisialdia euskaraz bizitzea ahalbidetzen duen Udajolas uztaila partean. Urtean zehar, bestelako aisialdi eredua sustatzen diharduen Zirimara proiektua. Edota jada urtebetetik gorako ibilbidea egin duen 650 Usurbil Bizi, bestelako turismo eredua bultzatzen diharduen herri egitasmoa. Horietan guztietan da NOAUA! K.E. "NOAUA! K.E. ere proiektu horietara gehitu da, bere aletxoa jarriz. Hori posible izan da elkarte, herritar eta udalaren artean elkarlan handi bat egon delako".
Eskertzak
Merezitako agurra jaso aurretik, azken hitzak eskertza adierazteko baliatu zituen Torregaraik. "Bereziki eskertu nahi dut Udala hasiera-hasieratik NOAUA! proiektu estrategiko gisa ikusi zuelako eta zorionez bere babes guztia daukagulako. Hori herri guztietan ezin dute esan, baina Usurbilen badaukagu esatea".
Herri egitasmo hau 26 urteotan bizirik eustea ahalbidetu duten guztiak eskertu nahi izan zituen baita; "kolaboratzaileak, informatzaileak, publizitatea jartzen duzuenak, irakurtzen duzuenak". Lehendakari gisa egin dituen azken hamar urteotako bidea "oso ibilbide polita izan da, asko ikasi dut. Ahalik eta ondoen egiten saiatu gara. Neure eskertzan denok hor zaudetela jakinda, bereziki lan taldeari eta zuzendaritza taldeari, eskerrik asko. Zuek gabe NOAUA! ez da ezer".
"Beste 1000 baietz!"
NOAUA! Kultur Elkarteak mende laurdenetik gorako ibilbidean hainbat aldaketa ezagutu ditu, haietako bat bizitzen ari da egun eta huraxe ekarri zuen amaitzeko gogora, Idoiak. "NOAUA! ondo moldatu da aldaketa ezberdinetara egokitzeko. Orain ere beste aldaketa bat dator. Ikusten dut lemazain berri eta gazteago bat. Oso ondo etorriko da proiektua beste era batera erakartzeko, oraindik asmatu gabeko ideia zoragarriak ekartzeko baina batez ere 96ko ilusio hori mantendu eta aurrera jarraitzeko. Beste 1000 baietz! Eskerrik asko!".