Errezitaldi batekin ekin dio NOAUA! Kultur Elkartean egingo duen bide berriari. Milagarren NOAUA! ospatzeko ostegun arratsaldean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko ekitaldian, kultur elkarte honen lehendakari aldaketa irudikatu genuen. Azken hamarkadan postu horretan egon den Idoia Torregarai Martijak esker onez agurtu eta herri proiektu hau goraipatzeko eginiko azken diskurtsoaren ondotik egin zitzaion harrera lemazain berriari, Ugaitz Agirre Zapiraini.
Berak lehendakari gisa estreinakoz izandako diskurtsoa ongien dakien moduan, errezitaldian bilakatu zuen. "Ez pentsa bertso berriak jartzera noanik", ekin zion bere tarteari, zeregin hori segidan zetorren Maialen Lujanbioren esku utziz.
"Zer da ba bertigoa?"
Gogora ekarri zuen kultur elkarte honek lehendakaritzarako posturako gonbita jaso zuen unea. "NOAUA!ko lehendakari izatea proposatu nahi dizut, hala esan zidan Imanolek Kaffako terrazan". Proposamena entzunda, "pentsatzeko denbora eskatu nion protokoloz, gauza serioak pentsatu egin behar baitira; aldekoak eta kontrakoak balantzan jarri, eguna joan eta eguna etorri, ideiari bueltaka eta bueltaka mareatzeraino. Logikoki hala izan behar zen, ba ez", adierazi zuen.
Hala deskribatu zuen NOAUA! K.E.-ko lehendakari berria izateko erabakia hartu zuen unea. "Talaiatik amildegian behera botatzea izan zen nirea. Zer da ba bertigoa?", zioen ironikoki.
Lehendakari bilakatuta, argi dio aurrera begira zer erantzungo dion "noaua?" galdetzen dionari. "Aurrera, euskaratik eta euskaraz, Usurbildik usurbildarrekin eta usurbildarrentzat. Noraino? Auskalo. Bidea oinez egiten da, zeru oskarbietan eta behelainopean. Eta galtzadak amaitzen badira, beti urratu daitezke berriak". Hortxe NOAUA! K.E.-ren lehendakari berriaren bide-orria.