Mila NOAUA! jaso dituzue postontzietan 1996. urteaz geroztik. Udako oporraldi aurreko azkena, aste honetan bertan. Irakurtzeko tarterik hartu ahal izan baduzue, milagarren zenbakiari erreferentzia bat baino gehiago egin diogu, kultur elkarte honetan izan berri dugun aldaketa jakinaraztearekin batera.
Izan ere, uztailaren 11n Potxoenean elkarte honek eginiko ezohiko batzarrean, azken hilabeteotan prestatu eta landutako erabaki bat hartu zen; lehendakari aldaketarena. Azken hamarkadan, musutruk zuen onena, dena eta gehiago ematen jardun duen Idoia Torregarai Martijak kultur elkarte honen buru gisa eginiko ahalegin eta ibilbide oparoa amaitutzat eman du.
Pauso hau ofizialki ematerako, herri proiektu honekiko atxikimendua aspaldidanikoa duen gazte batek hartu du bere lekukoa; Ugaitz Agirre Zapirainek. Bera izango da aurrerantzean, kultur elkarte honen zuzendaritza batzordeko burua, lehendakari berria.
Lehendakari aldaketa duela astebete onartu zen arren, aste honetako aldizkarian bai Torregarairi zein Agirreri eginiko elkarrizketan eman dugu horren berri, milagarren NOAUA!-n hain zuzen. Zenbaki borobil hau Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean oroitu eta ospatzekoak ginenez, une hau baliatu nahi izan du kultur elkarte honek lekuko aldaketa hau irudikatzeko.
"Ez zara musutruk joango Aginagatik ezta?"
Eskertzak eta ongi etorriak, biek ala biek bat egin zuten milagarren NOAUA! ospatzeko ostegun arratsaldean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean antolatu genuen ekitaldian. Eskertza eta omenaldia egin nahi izan zitzaion nola ez, 2014az geroztik kultur elkartearen lehendakaritzan aritu den Idoiari. "10 urte pasa ditu isil-isilik eta muxutruk", oroitarazi zuen ekitaldiko aurkezle Ixabel Agirresarobek. Ondorioz, "gaur dugu une ederra hori eskertzekoa, bejondeizula Idoia Torregarai!", adierazi zion omenduari, oholtzara igotzeko gonbita egitearekin batera.
Txalo artean hartu zuten Idoia ez zen esku hutsik joan etxera. Izan ere, Agirresarobek oroitarazi moduan, "asko eman duzu baina zerbait jaso beharko duzu. Gaur ez zara musutruk joango Aginagatik ezta? Hara zeinen eskuetatik jasoko duzun zerbait". Orduantxe ikus-entzuleen artetik heldu zitzaion Torregaraik jasotako oroigarria, hedabide honek izandako lehenengo zuzendariaren, Olatz Altuna Zumetaren eskutik hain zuzen. Usoa Zumetak sortutako serigrafia oparitu zion, merezitako besarkada handi baten eta Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean bildutakoen eskertza txalo artean.
Idoia eta Ixabel oholtza gainean zirela, kultur elkarte honen lekuko aldaketa irudikatu nahi izan zuten. Aipatu moduan, lehendakari berria izango du aurrerantzean NOAUA! K.E-k; Ugaitz Agirre Zapirain. Aginagako ospakizun ekitaldian zen bera ere eta oholtza gainean egin zioten harrera txalo artean baita, hitzordu honetan bildutakoek. Esker mila Idoia, ongi etorri Ugaitz!