Aginagan egonda, ezin zuen beste modu batean izan. Milagarren NOAUA! omentzeko uda giro beteko ostegun arratsaldean Eliza Zaharra Elkargunean eginiko ospakizunak dena izan zuen tokikotik, baita topa eta topa egiteko moduak ere. Hitzordura sartzeko unean, sarrerak erakustearen truke edalontzi bana jaso zuten NOAUA! K.E.-k antolaturiko ekitaldira joandakoek.
Ixabel Agirresarobe aurkezle lanetan hasi berritan ekin zioten edalontziak bertako edari estimatuenaz betetzen; sagardoa zerbitzatu zuten ikus-entzuleek. Denak prest zirela, omenerako hitz gakoak adierazi zituen Agirresarobek; "urte askotarako NOAUA!". Bertaraturikoak sagardoz blaitutako edalontziak altxa eta tokiko hedabide honen omenez egin zuten topa.