1000. NOAUA!

Ixabel Agirresarobe: "Mila aldiz jaso dugu NOAUA! Mila aldiz eskuetan izan dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 19a, 11:41

Kontakizun moduan oroitu eta omendu zuen milagarrenera heldu den NOAUA! aldizkaria, ostegunean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko ospakizunean aurkezle lanetan aritu zen Ixabel Agirresarobek.

Modu ezberdinetan oroitu eta omendu zuten ostegunean Aginagan, hedabide hau, milagarren zenbakira heldu den NOAUA! aldizkaria. Ekitaldiaren aurkezle lanetan jardun zuen Ixabel Agirresarobek kontakizun moduan ekarri zigun, aldizkariak eta orohar, izen bereko kultur elkarteak eginiko ia hiru hamarkadako ibilbidea. 

Kontakizun guztien moduan, NOAUA!ren hastepenei egin zien aipamena lehenbizi. "Bazen herri bat, herri berritsua eta zirikatzailea bera bezalakoa, isilik egotea nahiko lan ematen zuena. Pentsa ezazue zenbateraino, petrilean eserita zegoen horrek ere denborapasa, zain egoten zen ea zein pasako". Zergatik, zertarako? Paretik pasatzen zitzaionari "Noaua! Eamangoue!", oihukatzeko.

"Mila aldiz etxean jaso dugu NOAUA!"
1996an ekin zion herriaren babes itzela jasotako proiektu honek bere bidea. "Herri horrek, hain zirikatzaile eta berritsua izanda, halaxe segi zuen bere tankera horretan, urteak joan eta urteak etorri. Orain dela 28 bat urte zer okurrituko eta herri aldizkari bat ateratzea", oroitu zuen Agirresarobek. Proiektuari izena jarri behar zitzaion eta herri honen historian ohikoa zen lehen aipaturiko esapideak eman zion izena, azken orduotan Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean omendua izan den egitasmo honi; NOAUA!. "Zenbat kontu sartu behar ote ziren aldizkari horretan, esaten zirenak baino gehiago? Posible ote zen?".  

Zerotik milagarrenera eginiko bidea goraipatu zuen. "Milagarren alea atera da. Pentsa ezazue, mila aldiz etxean jaso dugu NOAUA!, mila aldiz eskuetan izan dugu NOAUA! eta hori ospatzen hasteko garaia badugu".