Azken egunotako etengabeko euri zaparradak zailtzen ari dira egunotan ibilgailuen joan etorria errepideetan. Ostegun goiz honetakoa da horren guztiaren beste adibide bat. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren baitako Trafiko Zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, lurjausia izan da N634 errepideko 10. kilometroan, Aginagatik Oriora joateko bide zatian. Trafikoa moteldu du gertakari honek azken orduotan.
Atzo, istripua
Asteazken bazkalostean, bestalde, ezbeharra izan zen A8 autopistan. Ibilgailu bat bidetik atera zen aipatu autopista horretan Oriorako noranzkoan, Aritzeta inguruan. Hala berri eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sail barruko Trafiko Zuzendaritzak.
Iragarpena
Azken egunon antzera, datozenetan ere euririk gabeko egunik ez da izango. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, ostegun honetan, irailaren 5ean, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak egingo ditu; noizean behin ertainak egin ditzake. Euria batez ere egunaren lehengo partean eta iluntzetik aurrera egingo du. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".
Bihar, hilak 6, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; egunaren bigarren partean hodeitza txikitu egingo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, bereziki egunaren lehenengo partean. Egunaren bigarren partean atertzera egingo du. Ipar-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarteka bizia. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi igoko dira".
Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, eta arratsaldean partez hodeitua geratzeko joera izango du. Baliteke euri txikia egitea, bereziki goizaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, mendebal-osagaia nagusi izanik. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue. Trafikoko gertaeren berri, aldiz, trafikoa.euskadi.eus atarian.