Aginagako jaiak

"Txupinazoan denok batera ospatuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 4a, 12:59

Urtebete Aginagan bizitzen daraman argazkiko sendia omenduko dute ostiral honetako Aginagako jaien hasiera ekitaldian. Kataluniatik etorritako sendiarekin izan da NOAUA! hitzordu honen bezperatan.

Nondik etorri zineten Aginagara?
Judith Perez Lamela: Torderan (Bartzelona) bizi izan ginen 18 urtez. Gustura ginen baina bizimoduz aldatu nahi genuen.
Iban Bernal Gomez: Zumaiakoa naiz. Duela 20 urte joan nintzen bertatik Pirinioetara bizitzera. Azken urteotan hona etortzen aritu gara. Aginaga etortzearen asmoa da Txalakako Igor ezagutu genuelako Bartzelonan ikastaro bat egiten. Lagunak egin ginen. Uda partean nahiz gabonetan familia ikustera etortzen ginenean Igorrekin geratzen ginen. Lantzen ari zen Arrillaga Txikiko proiektua aurkeztu zigun. Hona etorri gara, baratzan lan egitera, bizimodu berria probatzera. Esperientzia berri hau bizitzeko gogotsu gara.

Urtebete egin duzue Aginagan.Zer nolako balantzea egin dezakezue?
J.P.L.: Bilatutako aldaketa bat izan zen. Bagenekien klima, hizkuntza, eskola, lagun eta etxe aldaketa izango zela. Bagenekien leku polit batera gentozela, horretaz gozatzen ari gara. Badaude egun batzuk herrimin gehiagokoak, hango lagunak gehiago faltan sumatzen ditugunak. Harremanetarako garrantzitsua den hizkuntza ere hesi bat izateari uztea espero dugu pixkanaka. Haurrek ere haien aldetik asko jarri dute baina ez da erraza izan, ikasgela berri batean ia ulertzen ez duten hizkuntza desberdinarekin topo egin dute, baina hor egon dira. Hasieratik oso gustura eta oso babestuak sentitu gara Aginagako komunitatean, lehen egunetik kontuan hartu gaituzte. Horrek aurrera jarraitzeko kemena ematen du.
I.B.G.: Lehen urtebeteko tartea eman genion geure buruari egokitzen hasteko. Beste
urtebete eman behar diogu orain asentatzeko.

Herri txikia izatea lagungarria izan zaizue?
J.P.L.: Nik uste baietz. Ikusgarritasun handiagoa duzu eta segituan ezagutu ditzakezu baliabideak, lekua... Modu horretan, errazagoa da toki berri batean kokatzea. Eremu berde honetan bizitzeko gogoa genuen. Geografikoki leku freskoago eta euritsuago baten bila etorri gara.
I.B.G.: Elikadura ere bazen baita puntu garrantzitsu bat. Oso urte bizia izan da. Sagarraren eta sagardoaren kulturan barneratu gara; sagarra bildu, sagardoa eta muztioa ekoiztu dugu. Usurbilen dagoen bizitza soziala ere gustatu zaigu.

Irekitasunez jokatzea gakoa izango da ezta bizi proiektuz aldatzean?
I.B.G.: Bada jendea leku berean bizitzea gustuko duena. Guk beste aldaketa bat egitea nahi genuen.
J.P.L.: Bizitza bakarra da eta proba egin nahi genuen, mundura ireki. Munduan zenbat
etxe, leku eta jende jator geratzen zaigu ezagutzeke? Espiritu abenturazale horrekin
eman dugu pauso hau.

Nola jaso duzue Aginagako jaiei hasiera emateko gonbita?
I.B.G.: Sorpresaz. Babestuak sentitu ginenez, beste pauso bat da.
J.P.L.: Ohorea da, gugan pentsatu dutelako.

Zertarako baliatu nahi zenukete une hori?
J.P.L.: Gugan pentsatu dutela eskertzeko, Aginagan pozik garela adierazteko.
I.B.G.: Hona etorri ginen urtemugarekin egokituko da. Berez ospatu nahi genuen; txupinazoan denok batera ospatuko dugu.