Aginagako jaiak 2024

Festa giroa dastatzen hasiak Aginagan

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 4a, 14:27

Helduenek hamaiketako eder askoarekin ekin diete jada Aginagako San Praixkuei.

Aginagari festa usain gozo askoa dario, segidan datozen irudiei erreparatzen badiezue. Ostiral eguerdi honetan, Aginaga sagardotegian jasotakoak dira. Izan ere, jaiegun nagusia dute bertan, San Praixku eguna. Aurten hitzordu hauxe izan da Aginaga jaien giroan murgiltzeko bidean jarri duena.

Arratsaldeko 18:30etan izango da hasiera ekitaldia, baina bistan denez, sagardotegiak sukaldatu eta jai batzordeko kideek zerbitzaturiko hamaiketako goxo askoa dastatzeko aukera izan dute, bertara joan diren aginagar eta herrikide beteranoenek.

Urte luzez ospatzen segitzen duten hitzordu hau elkargune garrantzitsua da, urtean zehar gutxitan topo egiten duten hainbat lagunentzat. Gaurkoan, giro ederrean dastatu dute sagardotegikoen mokadu oparo askoa. Ekitaldia bertsoz blaitua egon da, gainera. Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik egin die harrera otordura zetozenei.

Bertso hamaiketako honekin, orain bai, ospakizun giroan barneratu da Aginaga. Hasiera ofiziala, halere, 18:30etan Eliza Zaharra Elkargunearen atarian.