Aginaga bizigarriaren aldeko aldarria egin dute inoiz baino ozenago aurtengo San Praixkuen hasieran. Ostiral arratsalde honetan ekin diete ofizialki festei. Jendetsua izan da Eliza Zaharra Elkargunearen bueltan ospaturiko hasiera ekitaldia. Aginagako urdin kolorea presente zegoen bandera, lepoko eta hainbat kamisetetan.
Txupinazo ezagunenen antzera, balkoi propioa du Aginagak ere hitzordu honetarako, Eliza Zahar parekoa hain zuzen. Handik plazaratu dute jai batzordeko kide Alazne Arrutik eta Axi Arangurenek Aginaga bizigarriaren aldeko mezua.
"Egun bikainak ditugu aurretik. Pozgarria da plaza hain beteta ikustea, San Praixkuei harrera egiteko asmoz. Festetan ez ezik, egunerokotasunean ere halaxe ikusi nahiko genuke, bizirik eta saretuta. Horrexegatik jarraitzen dugu ekinean; lana egiteaz gain, ondotik fruitu ederrak ere jasotzen ditugulako trukean".
Plaza oinezkoentzat eta herri kooperatiba
Aurreko edizioen ildotik, azken urteak emandakoaren errepasoa egiteko tartea baliatu dute festen hasiera ekitaldia. "Aurtengoan, berrikuntza txikiren bat izan dugu gure herrigunean. Agian, batzuk ez zarete jabetu oraindik, baina eskolako komunitatea, gurasoak eta Udala lankidetzan aritu dira frontoi ondoko parke eta ingurunea eraldatzeko eta, azkenean, gure herriko plaza honetan autoak mugatzeko erabakia hartu da, oinezkoen segurtasuna bermatzeko asmoz. Benetan aldaketa ederra eta positiboa izan da guztiontzat".
Bestalde, 2023ko martxoan jakinarazi zieten aginagarrei herri kooperatiba bat sortzeko asmotan zirela. Bide horretan, ze unetan diren zenbait zertzelada eman dituzte San Praixkuen hasiera honetan. "Aspaldian, herri kooperatibaren asmoak azaldu genizkizuen eta, azkenean, erregistroko onarpenaren zain gaude bazkidetza kanpaina bete-betean hasteko. Jakingo duzuenez, herritarren beharrak asetzeko asmoa dugu eta momentuz eguneroko erosketak egiteko dendaren irekierari forma ematen gabiltza. Ea pixkanaka telekomunikazio zerbitzu eta abarrak sustatzen hasteko aukera ere baliatzen dugun. Laster izango duzue berri gehiago, eskerrik asko itxaroteagatik".
Aldez aurretik, ordea, ospakizunez jositako bi asteburu bizitzeko aukera izango dute aginagarrek. Jai giroan barneratzeko gonbita egin dute antolatzaileek. "Gozatu ditzagun San Praixkuak, herritik eta herriarentzat sortutako festak. Eraiki ditzagun harreman sanoak, elikatu dezagun etorkizuna, zaindu elkar eta zaindu ditzagun gure bazterrak. Jai parekide, arduratsu eta parte hartzaileen alde, gora Agiña eta aginagarrak, gora San Praixkuak!".