Aginagako jaiak 2024

"Erronka handiena da, parte hartzaile aktibo berriak erakartzea"

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 12:06

Festa giro betean den Aginagako jai batzordeko kideek hartu dute hitza lerrootan, azken ospakizunen atarian. Halere, herri gisa dituzten erronka gehiago ere hartu dituzte ahotan.

Errioaren Egunaren atarian gara. Zer moduzkoa izan zen iazkoa?
Zoragarria eta arrakastatsua. Apustu polita izan zen guretzat, antolakuntzatik hasita belaunaldiartekotasuna sustatu zuena. Helduak, gazteak, haurrak aktibo parte hartzen, giro ederra izan genuen. Izenak dioen moduan, errioaz gozatu genuen. Jendeak asko eskertu zuen. Aurten ere errepikatzeko gogoz gara. 

Trainerilla txapelketa berreskuratu duzue aurten. Aurreko edizioen antzekoa izango da?
Binaka lehiatzen dute, bat errioan gora eta bestea beherantz abiatzen da. Sei txanda izango dira, hiru emakumezkoenak eta hiru gizonezkoenak. Horretarako, zozketa egingo da. Emakumezkoen 5. ikurriñan lehiatuko dira Arraun Lagunak, Hondarribia, San Juan, Tolosa, Orio eta Ondarroa. Gizonezkoen hamaikagarren txapelketan, Getaria, Hondarribia, Kaiku, San Juan, Orio eta Ondarroa.

Zertarako baliatu nahi duzue larunbateko Errioaren Eguna?
Festetatik haratago ere ahalegina egiten gabiltza, errioaz gozatu nahi duen orok izan dezan espazio publiko bat irisgarria izango dena. Errioaren Egunak egunen batean entitate propioa hartzea nahiko genuke, jaietako programa horretatik kanpo espazio gehiago eman eta pixkanaka errioarekin harremantze natural hori berreskuratzea. 

Orain arteko transmisio hori eten ez dadin.
Familian ez bada inor anguletan ibili dena edo errioaz bizi dena, transmisio hori ez da eman. Errioaren Eguna bada aitzakia transmisio hori zabaltzeko eta naturalizatzeko. 

Horrekin batera, aurrera begirako erronken artean da baita herri kooperatibaren garapena. 
Kooperatiba juridikoki eratzear gaude, paperak aurkeztuta, erantzunaren zain gaude formalki. Lehenengo zerbitzu bezala, dendaren irekierarena nahiko diseinatua dugu. Jaien hasieran adierazi bezala, Aginaga benetan biziberritu nahi dugu eta herritarrak ahaldundu. Eskertzen dugu familia berriak hona bizi proiektu bat eraikitzera etortzea. Horregatik, txupinazoan Kataluniako familia omentzea erabaki genuen urtebete egin dutelako hemen bizitzen, aktiboki ari direlako parte hartzen herrian eta halako jende gehiagoren beharra dugulako. 

Herri bizigarri horren erakusleihoa dira jaiak.
Festak direnean denak elkarri laguntzen aritzen gara, arratsaldeetan ere giroa sortzen da. Gero, egunerokotasunean falta zaiguna hori da, herri bizitza hori mantentzea. Gure kasuan, eskerrak eskola martxan dagoela, jubilatuen egoitza eta tabernaren zerbitzua hor daudela. Omendutako familiak hori zioen; hona etorri eta segituan herri bizitza hori sumatu zutela, batez ere eskola komunitatearen bueltan.  

Herri bizitza sustatzeko azpiegitura sarera batu da azken urteotan Eliza Zaharra elkargune gisa. Zer nabarmendu dezakezue orain arte eginiko bideaz?
Elkargunea espazio batetik haratago aukera bat da gazteak, jai batzordea... antolatzeko. Orain arte, aukerak sortzeko lan horretan ibili gara. Udalarekin hartuemanetan jarraitzen dugu auzolan txikiak egiten pixkanaka. Izan ere, azken urteetan gehiago izan da lan fisikoa eta horren egokitzea. Intereseko gune estrategiko gisa ikusten dugu urtean zehar kulturari lotutako ekintzak egiteko. Jaietatik kanpo komunitate osoak erabiltzen du. Kanpotik hasi da ere jendea etortzen. Kultur programatzaileak gehitu zaizkigu. Alkartasuna kooperatiba edota NOAUA! K.E. ekosistema horretara gehitzea zoragarria da.

Aginagan bizitzea eta bizitza bertan egitea sustatu nahi duzue.
Erronka handiena da herrian parte hartu eta aktibo izango diren biztanle berriak erakartzea. Gaztetze bat behar dugu herrian. 

Hau dena nola islatzen da festetan?
Gu ere ari gara saiatzen jai batzordean ere belaunaldi gazteagoak sar daitezen. Gurasoak ere ari dira haurrei irakasten gu zertan aritzen garen eta ahal den neurrian laguntzen. Ikusten dugu atzetik datozenak ari direla gerturatzen, txandak betetzeko edo astean zehar egin beharreko lanetarako. Guk hemen jarraituko dugu beste tarte batez baina begia jarria dugu hor. Esperantza badugu erreleboa egongo dela.

Ildo horretatik, erreleboaren kontzeptua beste era batera lantzea interesgarria da. Tokia utzi behar zaie gazteei haiek bidera ditzaten asmo berriak eta orain arte egon garenok eta helduagoak direnak, inguruan jarraitu behar dugu laguntzen, erreleboa emanda baina guztiz joan gabe. Festak antolatzerakoan hori kontuan izaten dugu. Garai bateko jai batzordekoek orain ere laguntzen digute, antolaketa lana ez da bakarrik hor biltzen garen bospasei gazteren kontua. Herri osoa zeharkatzen du eta zorionez jendea prest dago laguntzeko eta eskerrak.

Gure kasuan, gazteenetatik hasita, aiton- amonak bitarte denok hor gabiltza saltsan. Hori ikusgarria eta polita da. Aurten telazko banderola berrerabilgarri koloretsu oso politak egin dizkigute. 

Jai egitarauari begira, bada nabarmendu nahi zenuketen beste alderdirik?
Herri kirolik ez da izan aurten. Jaiegunak tokatu diren moduan eta trainerillen txapelketa txertatu genuenez, juxtu genbiltzan eta aurten behintzat herri kirolik ez da izango. Hurrengo urteetan etorriko da seguraski.

Izan ere, antolakuntza lanetan ari zaretenon zaintzaz ezin gara ahaztu.
Hor askotan jartzen da balantzan. Egin beharko genuke baina nola gaude? Balantzaren alde batean jartzen da ahalik eta jende gehienarentzat ekintzak sortzea baina baita ere nola gauden eta zer indarrekin. Aurten behintzat, herri kirolak horregatik geratu dira atzean eta etorriko dira hurrengo urtean. 

Herritarrei zuzentzeko moduko bestelako oharrik baduzue?
Azken egunean auzolana egiten dugu. Biltzen gara lan zikinena egiteko eta hor ere eskerrak jendea gerturatzen den. Zenbat eta jende gehiago etorri azkarrago bukatzen da. Antolatzean bezala, inguruak txukundu eta itxiera ematen diegu festei. 2018tik oso ondo egiten dugun zerbait da. Egun berdinean geratu eta dena txukun utzi ahal izatea, eskertzen da. 

Horixe izaten da hain zuzen jaietako azken hitzordua, serioski jarritakoa. 
Horrek ere ikusgarritasuna ematen dio, zaintzaren adierazleetako bat da. Ajearekin eta nekearekin, jaietan elkarbizitako jendearekin ohitu gara lan hau egitera. Eskerrak hala egiten hasi ginen, bestela...