Aginagako jaien amaierak naturarekin bat egin du, urrutira joan gabe, gainera. Izan ere, herria zipriztintzen duen errioa jaien erdigunera ekarri dute. Iaz antolaturiko estreinako edizio arrakastatsuaren haritik, "Gozatu Errioaz" goizpasa berreskuratu dute aurtengo San Praixkuen azken txanparako.
Oria biziberritu dute eta nola, gainera. Errioan barneratzeko aukera izan da askotariko moduetan. Piraguetan gustura asko murgildu dira errioan gora eta behera hainbat gazte lagun, familia... Izan da tartean, bainu azkarren bat hartu duenik ere.
Belaunaldi guztietako aginagar eta bisitariak erakarri ditu hitzorduak. Haietako hainbat ibili dira alan errioan gora eta behera. Tokiko garraio zerbitzua sustatu dute gaurkoan, errioarekin harreman zuzena duten herritarren eskutik, bestela ikusi, gozatu ezin diren errioko txokoak ezagutzeko.
Izan ere, Oria gutxitan bezala ikusi ahal izan da kanpotik, panoramika ezin ederragoa eskaini du gaurko ospakizun egunak. Errio barrutik, txunditzeko moduko bidaia egin ahal izan dute bertara joan direnek. Bidaia ezin lasaigarri eta ederra, alan bueltan zetozenen aurpegiek argi erakusten zuten moduan.
Goiza, trainerila txapelketarekin batera, bertakoek prestaturiko hamaiketako goxoaren dastaketak borobildu du.
Gaurkoa, ospakizun eguna izan da Orian bizitakoa. Baina antolatzaileek gaurkoa ez dute egun isolatu bat izaterik nahi. Etorkizunera begira, ezohikotasunetik naturaltasun batera igarotzea nahiko lukete; ohiko eta emankor bilakatzea, altxor honekin harremantzeko era. Bada gogoa eta ilusioa, iaz bezala, aurten ere ikusi ahal izan dugun moduan.