Aginagako jaiak 2024

Aginagako jaiak iruditan

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 17a, 08:02

Igaro diren Aginagako jaiak iruditan batu ditugu.

Akabo aurtengo festen denboraldia. Inguruotan uda garaiko ospakizunak udazken partera arte luzatzen diren arren, amaitu dira aurtengoz Usurbilgo herri eta auzoetako jaiak.

Kalezar, Usurbil, Zubieta, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta, azkenik, Aginaga izan dute geltoki ospakizunok. Urriaren 4tik 12ra jai izan zuten bertan.

Dantzan, lehian, afaritan, kontzertu gauan... Elkarrekin eta herri giroa biziberrituta ekin zieten San Praixkuei Aginagan. Lehen asteburua dantza batean igaro zuten belaunaldi arteko topaketan bilakatua den oilasko biltzaileen biran edota Rakel Pujanak eta Jon Ostolazak giroturiko erromerian. Lehia bizian barneratzeko ekitaldirik ere izan zuten; ia iluntzera arte luzaturiko mus txapelketarekin edota estreinakoz antolaturiko bingo musikatuarekin. 

Herria batu zuten jaiek beste behin, gainerako ekitaldien antzera auzolanean sukaldaturiko herri afarian edota asteburuan zehar, indarberritzeko estimatuak izaten diren hainbat jakien bueltan. Izan ere, hartuemanen topagune izaten dira ekitaldi guztiok, urtean zehar gutxitan elkar ikusten diren hainbat lagun elkartzeko gakoak dira hitzorduok. Argi ikusi zen beste behin, festei hasiera eman zieten beteranoenen artean. Hamaiketako ederra dastatu zuten Aginaga sagardotegian, Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik giroturiko hitzorduan.

Edota Aginagako bizigarria dela aldarrikatu zuen txupinazo ekitaldian. Etorkizunari begira jarri ziren Aginagako jaiak San Praixkuen azken asteburuan. Izan ere, etorkizuneko belaunaldia izan zuen protagonistetako bat festen amaierak, Umeen Egunarekin. Talde lanean, elkar laguntzen jarritako jolasetan igaro zuten urriaren 11, lagunartean, Aginaga bizigarriagoaren aldeko dinamikan murgilduak. Bazkariak, buruhandiek, txokolate janak edota puzgarriek osatu zuten eguneko eskaintza.

Biharamunean, aldiz, etorkizunera begirako beste erronka bati heldu zioten Aginagan. Iazko Errioaren Egun arrakastatsuaren bigarren edizioa ospatu zuten. Errioa herriratu zuten beste behin Mapil aldetik. Piraguetan, arraunean, edota alan Txokoalderantz nahiz Sarikolarantz ibiltzeko aukera eskaini zuten. Aurrera begira, eremu honekin naturalago harremantzea sustatu nahi dute. Egun honi, nortasun propioa eman. Momentuz, jaietan harrera ezinhobea izan du, bestela, bistaratu ezin diren paisaietan barrena bidaiatzeko aukera paregabea eskainitako egunak.

Urriko lehen bi asteburuetan ospaturiko Aginagako jaien irudi bilduma ikusgai duzue web orrialde honetako helbide honetan: https://noaua.eus/bereziak/aginagako-jaiak-2024