Sagar eta sagardoaren lurraldean barrena osteratxoa egiteko aukera aparta izan dute igande goiz honetan, urriaren 20an, Alkartasuna kooperatibak antolaturiko bertso-ibilaldian zehar. Goizeko 10:00etan abiatu dira Aginagako frontoitik erribera aldera, sagar eta sagardoaren kulturaren paisaian barneratzera, hiru bidelagun ezagunekin. Izan ere, azalpenak ematen aritu da Jakoba Errekondo, eta azaldutakoa bertsotan ilustratzen aritu dira Maialen Lujanbio eta Andoni Egana bertsolariak.
"Sagardoa zen guztiaren oinarri", nabarmendu du Errekondok inguru zoragarriari begira. Denboran atzera egin dute, historian zehar inguruak izandako bilakaera eta garrantzia azpimarratu du. Sagardogintzarekin batera, ontzigintzaren gune estrategikoa izan ziren baita Oria ertzak.
Itsasoa eta landa-eremuko jarduerak bat egiten zuten lurraldea da hain zuzen, gaur goizean bisitatu ahal izan dutena. Historia aberats askoa duena. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue pasarte txiki batzuk, Lujanbioren eta Egañaren zenbait bertsoekin batera.
Hurrengo hitzorduak
"Sagar eta sagardoaren kultura" ziklo betean da Alkartasuna Kooperatiba eta Sagardoaren Unibertsitatea. Sagar dultzea egiteko tailerra egin zuten ostegunean Aitzaga elkartean, etxeko sagardoa egiteko ikastaroa hilabete hasieran, igande honetan aipaturiko bertso-ibialdia Aginagako sagardoaren lurraldean barrena.
Segidan duzue hurrengo ekitaldien berri:
Sagar eta Sagardo Kultura
Urriak 24, osteguna
18:00-19:30 "Izotz sagardoa zer da?" ikastaroa eta dastaketa Aginagako Eliza Zaharrean.
Bideratzailea: Egoitz Zapiain sagardogilea.
Azaroak 14, osteguna
18:00-19:30 "Sagastien bioaniztasuna: sagarrondoek zein bizilagun dituzte?" saioa.
Bideratzailea: Iñaki Sanz Azkue.
Azaroak 28, osteguna
18:00-20:00 "Sagardo Kluba: Bizio sagardogilearekin dastaketa komentatua", Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Izen-ematea: sagardoa@ni.eus / 630 938 027.
Antolatzaileak: Sagardoaren Unibertsitatea; Alkartasuna Kooperatiba; Usurbil Sagarraren Bihotza, Sagardoaren Kultura.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala; Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.