“Musikaren bidaia” ipuin kontaketa saioa eskainiko duzu Aginagan urriaren 22an. Zer nolako bidaia espero dezakegu? Zer kontatuko duzu?
Ipuin kontaketa bat izango da. Kontaketa honetan hainbat ipuin eta istorio berezi kontatuko ditut, beti ere, musika protagonista bilakatuta. Istorio bakoitzean, bidaia musikala egite horretan, musika estilo bat aurkeztuko dut: jazz, reggae… Familiek eta umeek beste musika estilo batzuk ezagutzeko aukera izango dute. Hala, gaur egun horren zabalduta dagoen reggetoiaz haratago beste musika mota bat ere badela erakutsi nahi dut.
Zeuk asmatutako istorioz elikatuko duzu ikuskizuna edo istorio tradizionaletan oinarritzen da?
Kontaketa honetako istorioak nik asmatutakoak dira. Beste ipuin kontaketa batzuetan erabili izan ditut ipuin tradizionalak edo beste autore batzuen istorioak, baina “Musikaren bidaia” neure ipuinez bakarrik elikatu dut.
Zeharkako txirula jotzen duzu ikuskizunean, beraz, zertzat duzu zeure burua gehiago, musikaritzat hala ipuin kontalaritzat?
Ipuin kontalaria naiz ni, dudarik gabe. Kontaketa guztietan beti sartzen dut musika zeharkako txirularekin edo haur
txikiekin abestien bitartez. Hala ere, nire lana ipuin kontaketa da, batez ere.
Noiztik jotzen duzu txirula? Instrumentu gehiago jotzen dituzu? Zein da zure musika ibilbidea?
10 urterekin hasi nintzen txirula jotzen. Beti egon izan da nire ondoan eta ipuinak kontatzen hasi nintzenean eta pertsonaia sortzen, oso modu naturalean etorri zen txirula ere proiektuaren barnean sartzeko ideia hori. Gainera, ipuin kontalariok bakarrik egiten dugu lan normalean, eta bakarrik joaten gara areto, eskola edo dena delako lekuetara ipuin kontaketak egitera. Ni, behintzat kasu honetan, txirulak lagunduta ibiltzen naiz.
“Musikaren bidaia” da zeure lehen ipuin kontaketa saioa. Noiztik ari zara plazaz plaza?
Ipuingintzan aspaldi hasi nintzen; kontatzen baino gehiago, idazten. Idazmenak eraman nau ni ipuinak kontatzera. Ipuin horiek ere kontatzeko aukera bazegoela konturatu nintzen. Ipuin pertsonalizatuak egiten hasi nintzen ekitaldietarako eta abar. Proiektu honen hasiera ezkontza batean izan zen. Ezkongaiek umeak zituzten eta haientzat ipuina idatzi eta kontatu egin nuen. Horren ondotik, klaseak hartzen hasi nintzen ipuinak kontatzeko eta antzerkian ere sartzeari ekin nion. 2018an sortu nuen Sorgina Txirulina pertsonaia eta ipuin kontaketekin hasi nintzen. Aginagan egingo dudana ipuin kontaketa izango da, baina hastapenetatik beste ekimen batekin uztartuta egon izan naiz: euskaraz ez dakiten gurasoak euskarara hurbiltzea. Neure webgunean material asko daukat halako gurasoentzat. Begirada bat botatzera gonbidatzen zaituztet.
Txirulina zergatik da sorgina eta ez beste zerbait?
Txiki-txikitatik gustatu izan zaizkit sorginak. Helduagotan sorginen istorioen gainean hausnartzen aritu naiz eta ikertzen. Helduentzat istorioak ere egiten ditut nire izenarekin. Sorginen istorioak ere baditut hor figura horren gainean hausnartzeko. Hala ere, Sorgina Txirulina modu goxoan aurkezten dut txikientzat kontaketaren hasieran eta gainera, janzkera ere ez da beltza eta horrek atsegin egiten du.