Sorgina Txirulinak bereganatu du astearte arratsalde honetan, urriaren 22an, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea. "Musikaren bidaia" izeneko ipuin kontaketa eskaini die bertara hurbildutako gaztetxoei eta haien zaintzaileei. "Kontaketa honetan hainbat ipuin eta istorio berezi kontatuko ditut, beti ere, musika protagonista bilakatuta. Istorio bakoitzean, bidaia musikala egite horretan, musika estilo bat aurkeztuko dut: jazz, reggae… Familiek eta umeek beste musika estilo batzuk ezagutzeko aukera izango dute. Hala, gaur egun horren zabalduta dagoen reggetoiaz haratago beste musika mota bat ere badela erakutsi nahi dut", berri eman zion NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.
Ipuin kontaketez gain, ordea, berri eman zuenez, "hastapenetatik beste ekimen batekin uztartuta egon izan naiz: euskaraz ez dakiten gurasoak euskarara hurbiltzea. Neure webgunean material asko daukat halako gurasoentzat. Begirada bat botatzera gonbidatzen zaituztet".
Asier Kidam Txokoargin
Etxeko txikienei zuzenduriko eskaintzari lotutako hurrengo hitzordua Txokoalden antolatu dute. Txokoargi auzo elkartetik iragarri dutenez, Asier Kidam magoa bertan izango da datorren azaroaren 9an, larunbat arratsaldez, 17:30etan.