Astebete lehenago izandako xiberotarren bisitaren ondotik, herri ordezkaritza bat Urdiñarben izan da asteburuan, Seaskako integrazio batzordearen aldeko elkartasun afaria sukaldatzen eta zerbitzatzen, Zuberoako lagunekin batera. 180 lagun inguru batu zituen hitzorduak. Mende laurdena bete du jada ohitura honek.
Geroxeago, duela 21 urte, 2003an hasi ziren Zuberoako ikastoletako gurasoak eta Euskal Herriko hainbat txokotako herritar, Ikaskoli kanpainaren bueltan biltzen. "Eguberriz, tokiko ekoizle ttikien ekoizpenez osaturiko saski salmenta bat antolatu genuen", bi helbururekin; Zuberoako ikastolak laguntzeko eta bertako tokiko ekoizpena ezagutarazi eta guztion dastatzeko moduan jartzeko. Izan ere, bada eta beharra. "Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen".
Horregatik, "Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu". Elkartasun hau kantuan eskertzen izan zen asteburuan Usurbilen, 30 urte bete dituen bertako Oilarrak taldea. Usurbildarren eta xiberotarren hamarkada hauetako hartuemana sendotzearen alde egin zuten. Elkartruke honen baitan, asteburu honetan usurbildar talde bat urtero moduan Urdiñarben elkartuko da xiberotarrekin, Seaskako integrazio batzordearen aldeko afarian. Otordu hau prestatzen aritu ohi dira urtero. Iazko egonaldiko argazkia da albiste honi atxikia duzuena.
Hiru otar
Horrekin batera, abian da beste urte batez, otarren kanpaina hau Usurbilen, Nafartarrak taldekoen eskutik. Iaz 200dik gora saski saldu ziren Usurbilen. Eta iaz bezalaxe, aurten ere bi modutara egin daiteke saskiaren eskaera:
• NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan eskatu.
• Internetez, ikaskoli.eus web orrialdearen bidez enkargatu.
Saskien banaketa abenduaren erdialdean egingo da eta NOAUA!ren egoitzan jaso ahal izango da, edota Santomas azoka egunean bestela, Nafartarren postuan.
-Pettarra (50 euro): Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak, pastak.
-Arbaila (57 euro): eztia, bixkotx artisanalak, bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak, pastak.
-Basabürüa (68 euro): xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kg., xahalki axoa, lukainka idorra, pastak.
Informazio gehiago, ikaskoli.eus atarian.