"Sagar eta Sagardo Kultura" zikloa amaitzeko azken hitzordua gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 28a, 07:58

Dastaketa komentatua antolatu du Alkartasuna kooperatibak gaurko Aginagako Eliza Zaharrean. Lerrootan dituzue xehetasunak baita ate joka diren bestelako trebakuntza saioei buruzko nondik norakoen berri ere.

“Sagar eta Sagardo Kultura” zikloa
Azaroa amaitu baino lehen azken ekimena iragarri dute:

Azaroak 28, osteguna
18:00-20:00 "Sagardo Kluba: Bizio sagardogilearekin dastaketa komentatua", Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.

Izen-ematea: sagardoa@ni.eus / 630 938 027.
Prezioa: 10 euro (usurbildar eta Alkartasunako kideek 5 euro).
Antolatzaileak: Sagardoaren Unibertsitatea; Alkartasuna Kooperatiba; Usurbil Sagarraren Bihotza, Sagardoaren Kultura.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala; Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.

Txalaparta ikastaroa
Aginagako San Praixku Guraso Elkarteak txalaparta ikastaroa antolatu du LH-ko haur eta helduentzat, nahiz eta HHkoek ere probatzeko aukera izango duten. Bizpahiru saio izango dira; momentuz, lehenengoa zehaztu dute, azaroaren 29rako, ostiralerako, 17:30-19:30 artean, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean. Guraso elkarteko bazkide helduek 7 euroren truke eta haurrek 5 euroren truke parte hartu ahalko dute; bazkide ez diren helduek 10 euroren truke eta haurrek 7 euroren truke. Izena aurrez eman beharko da telefono zenbaki honetan:  695 723 192.

23. Erle Eguna
Urteko hitzordu gozoena ate joka dugu. Izan ere, haize denboraleagatik azaroaren 24an bertan behera utzitako 23. Erle Eguna larunbat honetan, hilaren 30ean ospatuko dute. Eskaintzaren baitan bada tailer bat gaztetxoenentzako iragarri dutena; kandelak egitekoa. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko.

Gabonetako sukaldaritza tailerra
Badatorren eguberri garaia prestatzen hasteko hitzordua. Santuenea Kultur Elkarteak antolatu du tailer hau azaroaren 30erako, 16:00-19:00 artean, Santuenea 12an. “Eguberrietako aperitiboak eta hasierakoak” sukaldatuko dituzte. Izena 5 euroren truke eman ahalko dute bazkideek, 8 euroren truke bazkide ez direnek, santueneake@gmail.com helbidean edo 621 095 644 telefono zenbakian.

KzGunea
Azaroaren 29ra arte, goizero irekiko dute Usurbilgo KzGunea, 9:00-13:00 artean hain zuzen. Abenduaren 2tik aurrera, aldiz, arratsaldez zabalduko dute, 16:00-20:00 artean. Hona hemen KzGunera datozen ikastaroen berri:
-Abenduak 2-12, 16:00-18:00 "Eman lehenengo pausoak argazki ukituan GIMPekin".
-Abenduak 13-16, 16:00-18:00 "Google Maps. Zure ibilbiderik onena arakatu eta aukeratu".
-Abenduak 17-23, 16:00-18:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net