Askotariko osagaidun koktela, euskara eta umorea ardaztuko dituena. Gau bizia, euskarazko sorkuntza oholtzaratuko duena, euskarari gorazarre egiteko egun nagusiaren bezperatan. Hori eta askoz gehiago biziko duzue, larunbat gau honetan, azaroaren 30ean, Aginagako Eliza Zaharrera joan asmo duzuenok; hizki larriz idatzi beharreko Euskararen Gala.
Laugarren edizioa du aurtengoak, Oxkar Santamaria euskara alorreko zinegotziaren ideiaz martxan jarritako egitasmoak. Hazkuntza ezin nabarmenagoa izan du ekimenak, urtez urte. Hitzorduak ahoz ahokoaren bidez izan duen hedapena giltzarritzat jo du Santamariak NOAUA!ri adierazi dionez. "Suabe hasi ginen. Lehen urtean forma ondo eman gabeko gala bat izan zen. Ahal zen moduan egiten saiatu ginen. 40-45 bat lagun elkartu ginen. Hotz handia egiten zuen. Halere, jendeak oso ondo pasa zuen, barre piloa egin zuten. Bertan geundenok dena eman genuen. Ahoz ahokoaren bidez, urtebete geroago, tankera beretsuko gala egiten saiatu eta 80 bat bildu ginen. Horrek ekarri zuen iazko ikusmina handitzen joatea. Iaz, sarrera guztiak amaitu ziren, astebete lehenago. Aurten, iragarri genuen egunetik jendea ari da deika eta sarrera eske", berri eman digu Euskararen Galaren sortzaileak. Urteotako bilakaera ikusita, agerikoa den moduan, ekimena "bere bidea egiten ari da eta bere ospea irabazi du".
Arestian aipatu moduan, denetariko formatuak, umoretik eta euskaraz plazaratzen dituen ekimena da Euskararen Gala, "non lasai eserita jar zaitezkeen, aurkezle xelebreekin artista ezberdinak ikusiz tarte atsegin bat bizi, barre egin. Izan ere, euskara eta umorea dira ardatzak", nabarmendu du Santamariak. Ezohiko izaera du hitzordu honek; emanaldien emanaldi gisa defini daiteke, formatu ezberdinak bateratu edo uztartzen dituen gala da; ezohikoa. "Koktel horretatik hori ateratzen da urtero, gala bat, aurreko urtekoarekin zerikusi gutxi duena", Santamariaren esanetan.
Ikusmina
Ezohiko formatua da, "inguruotan ikusten ez dena. Koktel bat da, formatuen nahasketa bat. Artistak lehen aldiz datozenean, azalpen moduan adierazten diegu telebistako garai bateko barietate gau baten antzekoa dela, agiñartua, euskaraz eta umoretik egiten duguna" eta herri mailakoa. Kanpotik ere ikusmina sortzen ari dela diote, bereziki aurreko edizioetan parte hartu duten Euskal Herriko sortzaile ezagunen inguruan, baina herri mailako gala baten xumetasunari eusteko asmo sendoa agertu du Santamariak.
Izan ere, Euskararen Galak tokiko herri sorkuntza nahiz Euskal Herri mailako aurpegi ezagunak biltzen ditu. "Etorri direnak txunditu ditu Eliza Zaharreko giro goxoak, ze umore sortzen den. Lekuak ere asko laguntzen du", nabarmendu du udal ordezkariak. Horrez gain, sortzaileen topagunea den heinean ere, "artisten harremantzea ematen da, kontaktuak egiten dituzte".
Ikus-entzuleak ere erabat murgiltzen dira jaialdi honetan. "Iaz dantzan bukatu genuen Yogurinha Borovarekin. Aurtengorako ere publikoari zuzendutako oharra gogorarazi nahi du; "gala batera ezin da normal jantzita etorri"; emanaldiaren izenak dioen moduan, galaz noski. "Merezi du elegante jantzita etortzea. Fotokola ere egongo da".
Euskaraldiaren aurkezpena
Ohitura zorrotz segitzen dute Aginagan Euskararen Galarekin; lehen ediziotik beti, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren aurreko larunbatean ospatu ohi dute Eliza Zaharrean. Gala honek euskara bere "DNA"-n daraman arren, aurtengoak lotura are estuagoa izango du. Izan ere, eskainiko diren saioen artean, Euskaraldia Usurbilen dinamizatuko duen herri batzordea aurkeztu eta maiatzean egingo den ariketa kolektiboaren nondik norakoen berri emango dute gala honen baitan. "Aurkezpen ofiziala" izango dela aurreratu du Santamariak; "zer hobeto Euskararen Gala horretarako baliatzea baino". Bide batez, jada lanean hasia den herri batzordean parte hartzeko gonbita egin du zinegotziak. "Eskuzabalik hartuko ditugu kide berriak", nabarmendu digu. Ate joka den Euskararen Egunaren harira antolatu diren gainerako ekimenetan ere parte hartzeko deia egin du; "aldarrikatuz, harro ospatu beharreko eguna" dela deritzo.
Ildo beretik mintzatu da baita, hamarkada batez, NOAUA!-ren lehendakari izandako Idoia Torregarai Martija. Euskararen Eguna berarentzat "garrantzitsua da, euskarak oraindik normalizazio falta duelako. Azkenaldi honetan, badirudi aurrepausoak eman beharrean, pauso bat eman aurrera eta bi atzera ematen ari garela; hau da, herrigintzatik, erakundeetatik ari da halako aurrerabide bat eman nahian eta gauza piloa egiten". Aldiz, gogora ekarri ditu epaitegietatik kaleraturiko euskararen aurkako epaiak. "Oraindik esparru eta toki asko irabazi behar dira. Beraz, uste dut Euskararen Egunak behar du aldarrikapen hori guk ere indar hori erakusteko, baina ez egun edo aste bakar batean, urte osoan ahalegindu behar gara guztiok. Gure eskubideen jabe egin behar gara, eremu berriak sortu eta hori dena egunero aplikatzeko moduko estrategia amankomun batean egin behar dugula uste dut", adierazi dio NOAUA!ri.
Honako hau urte garai mugitua izan ohi du Torregaraik eta aurtengoa ez da salbuespena izango. 59. Durangoko Azokan izango da Mirari Martiarenarekin batera "Ztandap" emanaldiarekin abenduaren 6an eta egun berean, 12:30etatik aurrera Zaldierorekin batera bien "Mikroipuinak" eskuragarri jarriko dituen postuan izango da. "Guretzat aukera zoragarria izaten da. Euskal Herriko txoko askotako jendea eta programatzaileak joaten baitira. Gainera, euskararen sormen plaza izanda, guretzat bertan parte hartzea oparia da. Gure onena ematen saiatuko gara hor ere".
"Energia berezia du"
Lerrootara baldin badarkakigu, aurrez, Aginagako Euskararen Galan izango delako da. "Ikuskizun ederra da, benetan joatea merezi duena. Goi mailako luxuzko ekitaldia dela iruditzen zait, oso entretenigarria, dibertigarria. Formatu nahasketak berezi egiten du ikuskizun hau". Baita, noski, ezaguna duen tokiak ere. "Energia berezia du. Uste dut oso toki autogestionatu gutxi dagoela, hainbesteko mimoz zaintzen dena. Giro berezia sortzen da. Denak laguntzen du zuk zure onena emateko gogoa izateko. Bertan jardutea oso berezia da. Kanpotik datozen denak maitemintzen dira tokiarekin. Ez naiz harritzen", nabarmendu du Idoiak.
Loratzea
Bakarrizketa saioa eskainiko du. Prestaketa lanak abiatzear zituela elkarrizketatu genuen. Argi du, "gertutasunetik herritarrei keinua egiten saiatuko naiz. Horraino esan dezaket oraingoz". Berarekin batera arituko dira Ander Malbadi eta Julen Portillo. Bakarrizketen formatua sasoiko dagoela agerikoa da azkenaldian. "Benetan pozgarria da. Mirarik eta biok herriz herri gabiltza azken urteotan, aurretik baziren Txiki, Jon Plazaola, "Bodologuak"... Inflexio puntu bat izan zen ETB-ren "Barre Librea". Formatu hori telebistara eramatetik etorri da loratze hau. Euskarak behar du denetarik asko eta kasu honetan, formatu honen loratzea izatea benetan zoragarria da. Beraz, poz-pozik alde horretatik baita ere".
Lerrootako bi elkarrizketatuek euskaraz eta umorez blaituko gaituen galara gonbidatu gaituzte guztiok.