Galaz jantzi zuten lekua eta galaz plazaratu zuten geure hizkuntza. Euskara izan zuen ardatz nagusi, eta umore ezinhobea noski, azaroaren 30ean Aginagako Eliza Zaharrean laugarren urtez segidan ospaturiko Euskararen Galak. Euskararen Astearen baitan antolaturiko hitzordu nagusiak elkargunea bete zuen, goizaldera arte luzaturiko ikuskizunen ikuskizunaz gozatzeko.
Izan ere, ezohikoa da egun eta oholtza berean, sorkuntza alor ezberdinetako artistak eta formatu ezberdinetako emanaldiak biltzea. Tokiko nahiz urrunagoko euskal sortzaileen topagunea izan zen aipatu eremua. Hemen, parte hartu zuten artisten zerrenda: Idoia Torregarai, Ander Malbadi eta Julen Portillo, Asier Kidam magoa, Unai Gaztelumendi marrazkilaria, Zoe kontortsionista, Ines Osinaga, ApanRapa, SuTaGar taldeko Aitor Gorosabel & Xabi Bastida musikariak, Las Kolgadas, Danna Lux, Gata al kuadrado, Dj Aritz&Ilargi...