"Errio” dokumentala eskainiko duzue Aginagako Eliza Zaharrean abenduaren 22an, 17:30ean hasita, eta solasaldia ere egingo duzue. Labur-labur, zer kontatu duzue dokumentalean?
Orioko errioan, Oriotik Mapil baserrira bitarteko ibilbide horretan, Orioko barratik Mapilera bidean egindako ibilbidean geldialdiak egingo ditugu eta leku horietan alderdi demografiko, historiko eta kulturalean dauden datu aipagarrienak azalduko dizkizuegu. Gure ustez aipagarrienak direnak behintzat. Itsas ondarearen lauzpabost zertzelada jaso ditugu dokumentalean.
Hitza bera ere, errioa, gurean eta Orion baino ez da erabiltzen. Badirudi identitate propioa duela.
Hitza bera gure bazterretatik kanpo oso gutxi erabiltzen dela esango nuke. Itzulpenak egiterako garaian, gaztelaniara nik neuk egin dut, baina ingelesera eta frantsesera ere itzuli dute. Nola definitu? Ez da “ría” eta ez da “río”. Ingelesez bada hitza, “estuary” izenekoa. Hitza oso partikularra da. Itsasoko ura eta ibaikoak bat egiten duten tokia da, itsas kulturak eta baserri kulturak bat egiten duten lekua. Bada topagunearen sinbolo edo. Guk errio esaten dugunean, hitza latinetik hartu dugu edo gaztelaniazko “ría”tik, baina ezin dugu konparatu Galizako Rías Baixas kontzeptu horrekin. Ibaia ez da eta itsasoa ez, baina aldi berean, ibaia da eta itsasoa ere bai.
Nola eta zertan irudikatu behar ditugu gure arbasoak duela ehunka urte? Euren bizimoduan zein eragin izan zezakeen errioak?
Altxerriko kobazuloetan zibilizazioa hasi zenetik eta gaur arte, kultura oso bat sortu den lekua izan da errioa. Orioren fama itsasoari lotuta dago, baina nabarmen errioari lotutako baserritar kultura bat garatu da arkitektura arloan, komunikazioan, basogintzan, elikaduran... kultura oso bat. Honek, besteak beste, zer utzi digu? Errioan gora eginda baserriari lotutako kultura bat. Gipuzkoan badago baserritar kultura garatua, baina mendiari eta basoari lotutakoa. Gurea ezin da ulertu errio eta itsasorik gabe. Tesi hori baieztatzen da dokumentalean. Baserritar haiek errioari eta itsasoari bizkarrik eman gabe bizi ziren, eta adibideak mila izan daitezke: ontziolak, angula arrantza, izokin arrantza... erakusleak ugari dira.
Emakumeez badakigu zerbait? Antzinako dokumentu askotan badirudi emakumerik izan ere ez zela.
Dokumentala oriotarren ikuspegitik egin dugu, nahiz eta gero aurrera jarraituta Aginagan ere sartuko garen. Oriotarrak baleak arrantzatzera joaten zirenean, herriko martxaren arduradunak emakumeak ziren goitik behera. Baserriak emakumeek gobernatzen zituzten, zalantzarik gabe. Hala ere, hori betikoa da. Historia gizonek eta gizonentzat idatzi dute. Emakumeen papera beti albo batera utzi nahi izan da. Gu saiatu gara, neurri handi batean behintzat, emakumeen zereginak eta azaltzen eta balioan jartzen. Emakume arraunlariak ere izan dira, eta hori agertuko da dokumentalean. Fokua horretan jartzen saiatu gara eta esango nuke neurri batean lortu dugula hori erakustea.
Oraindik ere badaude garai horren aztarnak gure inguruan?
Badaude, bai, baina ikusten jakin behar da. Orion Marrota baserritik pasata, Ortzaika inguruan errota bat zegoen, eta toponimia hori hor dago. Marrota Orioko marea errota izenetik dator. Ontzien hilerri bat ere bada, baina jakin egin behar non dagoen. Ortzaika hori nondik dator? Ostrak egiten zirelako garai batean. Itzao baserria, XVII. mendean, gariaren iraultza etorri zenean, errioari irabazitako lur horietan Ameriketatik ekarritako artoa landatzen zuten. Ikusgai daude horiek denak, baina ikusten jakin behar da eta historia pixka bat ezagutu. Andatzako basoan ere haritzekin ontziak egiten zituzten, eta hori ikus daiteke, baina azalpena behar du. Hori egiten saiatu gara.
Non aurkitu duzue dokumentala egiteko informazioa? Asko idatzi zuten gaiari buruz?
Ikerketa lan baten emaitza da. Proiektu honetan sartu nintzenean, Xabi Agote eta Xabi Alberdiri deitu nien. Gai honetan lanean aritutakoak dira biak, eta gure proiektua bideratu ahal izateko giltzarriak haiek emango zizkigutelakoan nengoen. Horretatik abiatuta, gauza pila bat aurkitu ditugu. Zorionez, historiako orrietan jasota dago asko gure errioari buruz. Kontu askorekin erabat harrituta geratu gara. Zenbat gauza nola izan ote ziren posible... ikaragarria. Beraz, dokumentuak irakurri bai, baina bertako jendearekin ere asko hitz egin dugu. Gure aita zenak joan zen urtean esan zigun bazekiela balearen hezurrak zeudela leku batean. Halako mila datu aurkitu ditugu leku batean zein bestean. Hala ere, guk aukeraketa bat egin behar izan dugu eta gai nagusi batzuk hautatu eta ardatz hartu ditugu. Ez genuen datu bilketa huts bat egin nahi, eta kontu asko kanpoan utzi behar izan ditugu. Hautatu dugun horrekin errioaren historiaren islada bat egitea lortu dugula esango nuke. Hurbilketa bat egin dugu norbaitek gehiago jakin nahi badu hari mutur batzuei tiratzeko aukera izan dezan. Hemen dauden azpigai horietako bakoitzarekin erreportaje bat edo tesi oso bat egin daiteke: angula arrantza, errota, ontzien hilerriarekin, astileroarekin, balea arrantzaleen testamentuekin, Altxerriko kobazuloekin edo kortsarioen istorioekin... Pista batzuk eman nahi izan ditugu. Azken finean, ordubeteko saio batek ez du askoz gehiagorako ematen.
Lan gogorra izan da proiektua?
Oso gustura aritu naiz dokumentalean lanean, baina onartu beharra daukat proiektuan sartu izanaz behin baino gehiagotan damutu naizela prozesuan zehar. Ardura ikaragarria sentitzen nuen, eta ez nintzen inor sentitzen errioari buruzko historia kontatzeko eta zer den garrantzitsua edo ez erabakitzeko. Emaitzarekin, ordea, oso gustura nago eta iruditzen zait guk ez dugula jakin transmititzen arbasoen jakituria hori. Garrantzitsua da jakitea bakoitzak beretik non bizi garen. Horri buelta emateko saiakera bat izan da hau.
Dokumentala Orion estreinatu zenuten irailaren amaieran. Oriotarrei zer iruditu zitzaien?
Gu harrituta geratu ginen jendearen harrerarekin. Ikaragarri gustatu zaio jendeari. Ea aginagarrei zer iruditzen zaien. Gu ere harrituta geratu ginen egin bitartean. Horrenbeste gauza aurkitu ditugu ezer ere ez genekienean. Orion hori lortu genuen nabarmen. Jendeak oso zintzo hitz egin digu eta feedback txarrik ia ez dugu izan. Durangoko azokan izan ginenean ere berdin; jendea erabat harrituta. Oriotik aterata ez genekien zein erantzun emango ziguten, baina gustatu zitzaien hangoei ere. Orain Aginagara joatea tokatzen zaigu eta oso gustura gaude horrekin. Aginaga gure parte da, errioaren parte da, eta lotu egiten gaitu.
Non ikus dezake Eliza Zaharrera joan ezin duen batek?
Dokumental hau urtebete edo pare bat urtera publiko egingo dugu, baina orain asmoa jaialdietara eramatea da. Beraz, hori egin ahal izateko, orain momentuan ezin da inon eskuratu. Lehen asmoa oriotarrei erakustea zen, eta behin hori eginda inguruan mugitu eta jaialdietara eramatea. Aginagarrak segituan jarri ziren gurekin harremanetan interes bereziarekin. Hortaz, orain dokumentala mugitze fasean gaude eta inguruko herritan interesa badute haietara ere eramango dugu, edo Euskal Herriko edozein txokotara. Bestalde, zinema jaialdietan ere izena ematen ari gara. Ez dakit onartuko gaituzten edo ez, baina hiru jaialditan izena eman dugu jada. Prozesu hau dena amaitzean, publiko egingo dugu. Oraindik ez dakit zein bidetatik izango den eta noiz ere ez, baina ikusgai jarriko dugu.