Gabonak

Aginaga, Olentzeroren eta Mari Domingiren lehen geltokia

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 22a, 11:59

Bidean datozen Mari Domingik eta Olentzerok astelehen honetan egingo dute lehen geldialdia, Aginagan.

Etxeko txikienen eta ez hain txikien ilusio pizgarri diren urte garai honetako bi pertsonaia maitatuenak badatoz! Gure artera heltzear dira Mari Domingi eta Olentzero. Lehen geldialdia Aginagan egingo dute, astelehen honetan, abenduaren 23an. Biharamunean, aldiz, Santuenea, Kalezar edota herri erdigunean ere izango dira.

Bitartean, haien irudiak Mikel Laboa plazan bisita ditzakezue. Bestalde, gutunak idazteko azken txanpa duzue honako hau. Jada kendu ez badituzte, kentzear izango dituzte postontziak.


Mari Domingiri eta Olentzerori harrera
Postontziak...
Gutunak helarazteko postontziak Udarregi ikastolan, Aginagako eta Zubietako eskola txikietan, Santueneko eta Aginagako zaharren egoitzetan, liburutegian, ludotekan, Potxoenean eta Txokoargin.

Abenduak 23, astelehena
18:00 Harrera Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Menditik jaitsiko da Olentzero eta eliza zaharrean bukatuko du ibilbidetxoa. Bertan, eskutitza emateko aukerarekin batera, gaztainak banatuko dira euskal gabon kantekin girotuz".

Abenduak 24, asteartea
Santuenean:
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Santuenean.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.

Kalezarren eta herri erdigunean:
17:30 Abiatzea Kalezartik.
18:30 Usurbilgo plazara iritsiera.
Zehaztasunak: "Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira galtzagorri, joaldun, adar-jole eta trikitilarien laguntzarekin. Haurrak agurtu, haien nahi eta eskaerak entzun, eta mendira itzuliko dira gauean etxe guztietara iritsi ahal izateko.  Plazan, umeek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango dute. Abenduaren 12tik aurrera postontziak jarriko dira herriko hainbat gunetan, gutunak jaso ahal izateko".
Antolatzaileak: herritarrak, eragileak eta Udala elkarlanean.