Nagore Urdapilletaren eta Ibon Gaztañazpiren ordubete inguruko dokumentalaren emanaldiak ikusmina sortu zuen, goraino betetako Aginagako Eliza Zaharrean. “Hainbeste denbora pasatako tokiaz zer gutxi dakidan” ikusi eta ikasi ahal izan du proiektu honekin, Urdapilletak adierazi zuenez. Bera da dokumentaleko narratzailea. Oriotik Aginagarantz errioan gora abiatzen da. Bidean zehar, Oria barruko nahiz ertzetako istorio, gertaera eta ahotsak biltzen ditu ikus-entzunezkoan. Ezezaguna dugun gertuko, hurbileko errioari buruzko oso bestelako ikuspegia eskaintzen digu, ia erabat isilpean egondakoa, zalantza izpirik gabe azaleratzea merezi duena, duen balio aberatsagatik.
“Harrigarriena da ze ezjakinak garen, ze gutxi dakigun” inguru hauei buruz, zioen Gaztañazpik. Horregatik, dokumentala errioaren historia ezkutu horretara hurbiltzeko bitarteko gisa aurkeztu zuten. Ildo beretik mintzatu zen baita Orioko alkate Anuska Esnal. Errioa ibaiko ur geza eta itsasoko ur gazia nahasten diren lekua dela jakinik, zioenez “gazia da gure arbasoen hainbat lanbide eta jakinduria gainbeheran ikustea”. Era berean, gozotzat jotzen zuen ondare horren parte izatea herriok.
“Altxor galanta da”
Proiekzioaren ostean, solasaldi interesgarri askoan bildu ziren dokumentalaren bi egileak, Xabier Agoterekin (historialaria, Albaolako sortzaile eta lehendakaria), Lurdes Odriozolarekin (historialaria) eta Xabier Alberdirekin (historialaria) batera.
Egileen antzera, historia ezkutu honen transmisio faltaz aritu ziren eta hori eragindako faktoreez. Egileen esanetan, “etxeko historia ez da balorean jarri”. Denborak berak ekarritako galera dago Alberdiren ustez. Horri gaineratu behar zaio, udaletxeetan izandako suteetan zenbat dokumentu galdu ziren. Istorioak eraikitzean, gainera, hautaketa bat dago, “gauza batzuk sartzen dira, besteak ez” eta horretan guztian, “emakumeek ez dute lekurik izan”.
Euskaldunak itsasora begira bizi arren, Odriozolak nabarmendu zuen historialari izateko ikasketetan, Errio dokumentalak jorratzen dituen gaiei buruz “ez zidaten irakatsi”. Artxibategiak ere ez daude ondo antolatuak bere esanetan. Estatuko artxiboetan eraiki da bere hitzetan historia ofiziala eta “ikuspegi oso partziala” eskaintzen du horrek. Dokumental honetatik, besteak beste, lekukotzen balioa azpimarratu zuen. Izan ere, “paperetan, artxibategietan ez dagoen informazioa” eskaintzen dute eta ez badira jasotzen, hori bai “galdu egiten da. Altxor galanta da”.
“Garaiko autopistak”
Oriok eta Aginagak ontzigintzari lotutako industria jarduera itzela izan zuen, punta-puntakoa, erreferentziazkoa inguruotatik kanpo, nazioartean ere. “Hemen, egiten ziren itsasontzi aurreratuenak, zuen arbasoen handitasunari esker”, Agotek azpimarratu zuenez. “Jakintza eta trebetasun teknologiko handia eta jende ausarta izan zen hemen, bere bizimodua eta ondasunak arriskuan jartzeko prest zegoena, Oriaren inguruko jardueron eta herri aberastasunaren alde”, Odriozolaren esanetan.
Horren isla izan zen Orion bertan ontzigintzaren bueltan nola zegoen antolatua herria. Aginagaren kasuan, nola bat egin zuten errio barruko jarduerak, landa eremuarekin. “Itsasoa-baserria lotura” hori solasaldian zehar aipatu zuten sarritan, eta hor, tartean, sagardogintzak edota basogintzak izandako garrantzia. Horrekin “paisaia berezi bat sortuko da horri guztiari forma emango diona. Paraje berezi eta izugarri aberatsak ziren”, Alberdik azaldu zuenez. “Krisialdi garaian gizarteari eskaintzen diote, besteak eskaintzeko gai ez direna”, nabarmendu zuen Odriozolak. Izan ere, XV eta XVI. mendeetako testuinguruan kokatu beharrak baikaude. Elikagai falta zegoen, biztanleria handitzen doa. Aipatu sektoreak ziren diru-iturri nagusiak eta ibaiak, Oria kasu, “garaiko autopistak” Odriozolaren esanetan.
“Orain da unea”
Begi-bistakoa da Oriaren bueltan egituratzen zen bizimodu hartatik izandako galtze prozesua. Oraindik ez dela amaitu ohartarazi zuen Alberdik. Horregatik, dokumental honek edota Albaolan egiten ari diren ahalegina adibide gisa hartuta, “orain da unea, itsas eta errio kultura berpiztekoa. Ea lortzen dugun denon artean”, galdegin zuen Agotek.