Arraun ontzien lehiatoki izango dugu Oria negu parte honetan. Tradizio luzeko proba jokatuko da errioko uretan otsailaren 15ean; Oriaren 31. Traineru Jaitsiera hain zuzen.
Ohi bezala, bi distantziatan jokatuko da proba. Batetik, 4.000 metroko modalitatean lehiatuko dira hainbat parte hartzaile Aginagako Sarikolatik Oriorantz. Gainerakoek 6 kilometroko ibilbidea osatuko dute Mapiletik Oriorantz. 31. edizioa izango da aurtengoa.
Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira lehiatzen modalitate eta jatorri ezberdinetako parte hartzaileak. Izan ere, gogoan izan, Llagut Catala deritzenak, traineru beteranoak, emakumezkoen eta gizonezkoen gainerako taldeek parte hartu ohi dute.
87 talde iaz
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, iazko edizioan 87 txalupek parte hartu zuten. 6 kilometroko proban 22 izan ziren lehiaturiko traineru taldeak; 4.000 metrokoan 65 ontzi izan ziren (8 Llagut, 4 traineru jubenil, 37 traineru beterano eta 16 EAB traineru).
Aurtengo ediziorako parte hartzeko asmoa dutenek otsailaren 9ra arteko epea dute izena emateko.
1995ean hasi zen antolatzen Orio Arraun Elkartea, estropaden udako denboralditik haratago, "traineruetan parte hartzen duten arraunlarien prestakuntza fisikoa eta teknikoa urte guztian zehar" lantzen zela ikusirik. Ordutik, parte hartzaile kopurua hazten joan da.