Tertulia Lur Gallastegirekin
Aginagako Herri Eskolako 6. mailako ikasleok ikasturte honetako lehen hiruhilekoan, Lur Gallastegik idatzitako “Limoiondoaren loreak” liburua irakurtzen aritu gara.
Zer esanik ez, oso gustukoa izan dugula. Kontakizunak, bai Donostiara, bai Nikaraguara eraman gaitu eta zerbait gehiago jakiteko asmoz, eskolako guraso baten bitartez, egilearekin harremanetan jarri gara.
Hitzordua Zarauzko kafetegi batean jarri dugu, izan ere, Lurrek bertako institutuan egiten du lan eta “kafe edo kolakao” tertulia burutu dugu.
Kafetegian sartu bezain laster ikusi genuen Lur gure zain eta segituan eseri ginen bere ondoan, gosaria atera orduko galdera batzuk egiten hasi ginen. Azkar erantzun zituen galdera guztiak. Informazio asko eman zigun liburuari buruz eta aitortu zigun lan handia eman ziola, batez ere, Nikaraguako ohiturak, urteetako gertakariak eta beharrezkoa zuen informazioa lortzeko orduan. Limoiondo edo laranjondo izenburua jartzerakoan ere zalantzak izan zituela kontatu zigun. Honekin batera, aipatu zuen liburuaren ilustratzailea ez zuela ezagutzen, izan ere, argitaletxeak jarri baitzuen. Eskerrak irudigileak herrialdea ezagutzen zuela. Horrela, bere marrazkiak bertako bizipenekin lotu zituen.
Berarekin ordubete gutxi gora behera egon ondoren, joateko ordua heldu zen. Bikain pasa genuen berarekin eta oso jatorra iruditu zitzaigun. Ondoren, Zarauztik paseotxo bat egin eta berriz eskolara bueltatu ginen.
Ibai, Manex eta Uxuri
Agiñako Herri eskola