Etengabeko jarraipena eta prebentzio neurriak, Oriako zebra muskuiluaren hedapena eragozteko

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 30a, 13:42

Orian, Aginaga parean agerturiko zebra muskuiluaren hedapenari aurre egiteko erakunde arteko jarraipen batzordea bildu da.

 

Errioa gertutik bizitako aginagarrek egin zuten alertarako deia. Uraren Euskal Agentziak izan ziren behaketa lanetan gero. Erakunde arteko jarraipen batzordearen bilkura eragin du azkenik ibaian jazotakoak. Izan ere, Orian Aginaga parean zebra muskuiluaren agerraldiaz ohartarazi dute. Aipatu batzordearen arabera, Gipuzkoan "lehen aldiz atzeman da".

Horregatik, biltzea erabaki du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Zebra Muskuiluaren Jarraipen Batzordeak. Bertan ordezkatuak daude, "Foru-Aldundiak, uraren erakunde kudeatzaileak, EHU, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta URA".

Bilgune horretatik jakinarazi dutenez, "Oria ibaiaren beheko zatian hauteman da, Aginaga parean, eta ibaitik 600 metrora hedatzen da, gutxienez, ibaiaren meandroetan dauden legarretan; hala ere, liteekena ei da hiru kilometroko tarte batean hedatzea". 

Aipatu moduan, Gipuzkoan lehen aldiz atzeman dute "inpaktu handiko espezie inbaditzaile" hau. 2016. urtetik ez dute orain arte "begiztatze berririk atzeman". Izan ere, "espezie hori Undurragako (Bizkaia) eta Urrunagako (Araba) urtegietan erregistratu zen 2015ean eta 2016an".

"Hainbat tratamendu-metodo ebaluatu dira"
Aginagako agerraldi horri aurre egiteko, aipatu jarraipen batzordetik jakinarazi dutenez, "hainbat tratamendu-metodo ebaluatu dira. Neurri horien artean daude eremu txikietan eskuz ezabatzea, aldi baterako lehortzea eta sistema itxietan iragazkiak instalatzea, baita tratamendu termikoak eta kimikoak ere, kontrolatutako baldintzetan. Hala ere, sistema irekietan, kontrol kimikoak ez dira eraginkorrak, ingurumen-arriskuak direla-eta".

Orian "espeziearen prospekzio espezifikoa" egingo dela aurreratu dute baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako "beste ibai-arro batzuetan, ingurumen DNA bidezko analisi gehigarriekin".

Bere hedapena prebentzio eta etengabeko jarraipen bidez kontrolatu asmo dute. Horretarako, funtsezkotzat jotzen dute "eskumena duten administrazioen eta eragileen arteko koordinazioa" espezie inbaditzaile horren hedapena eragotzi eta ur-ekosistemak babesteko.

"Eragin negatiboa"
Espezie inbaditzaile honi buruzko hainbat xehetasun ere azaldu dituzte. Asiarra deitzen zaio, "jatorriz Asiako hegoaldekoa eta ekialdekoa" delako. "Ahalmen inbaditzaile nabarmenekoa da, eta horrek eragin negatiboa izan du uretako ekosistemetan eta galera ekonomikoak eragin ditu. Ur gezaren espezie honek maskor sendoa eta saihets erregularrak ditu ezaugarri, eta metro karratuko 10.000 indibiduoko dentsitatera irits daiteke, ugalkortasun handia duelako".

Espezie hau "iragazle eta hermafrodita bat da; ur argiak eta ondo oxigenatuak nahiago ditu; hondar hareatsuak okupatzen ditu usu. Ezaguna da tenperatura eta gazitasun desberdinetara egokitzeko duen gaitasunagatik, nahiz eta kutsadura ondo onartzen ez duen. 1981ean Espainian lehen aldiz aipatu zenetik, hainbat arro hidrografikotan hedatu da, eta nabarmentzekoak dira Miño, Ebro, Guadiana eta Duero ibaien populazioak".