Otsailaren 4tik maiatzaren 27ra arteko eskaintza prestatu dute Usurbilgo Udalak, Udarregi ikastolak eta Aginagako zein Zubietako eskolek, Oinarrizko Lanbide Heziketarekin eta Arrate, Gure Pakea zein Gure Elkartea jubilatuen elkarteekin batera. Iaz bezala, txandakatu egingo dira ibilbideon eremuak. Bi astean behin Usurbilgo erdigunean egingo dira paseo hauek eta haietako batzuk Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunetik edota Eguneko Arreta Zerbitzutik igaroko dira.
Kasu horietan, paseo amaierako hamaiketakoa gune horietan dastatuko dute parte hartzaileek. Gainerako astearteetan, Aginagan, Santuenean edota Zubietan egingo dira. Estreinakoa hain zuzen, otsailaren 4an egingo dena, Aginagako eskola atariko plazatik abiatuko da. Santa Ageda bezpera izanik, eskolak urtero egin ohi duen lurra esnatzeko ohitura zahar honi lotutako kalejira egin ahalko dute paseokoek. Kantuan aritzeko aukera izango dute.
Ordutegia ohikoa izaten segiko du; 10:30-12:00 artean egingo dira paseo hauek, tokian tokiko frontoitik. Amaitu berriz, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestaturiko hamaiketako gozoa dastatuz bukatuko dute irteera bakoitza.
Elkar zaintzea
Herri zaintzailegoa izateko bidean bere ekarpena egiten duen dinamika da honako hau. “Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan.
Iaz berreskuratu zuten garai bateko egitasmo hau eta herri erdigunetik Usurbilgo txoko ezberdinetara hedatu zuten dinamika hau, tokian tokiko eskola eta jubilatuen elkarteekin lankidetzan. Momentuz, 2025ari begira, oraingoz hamahiru ibilaldi egingo dituzte otsailaren 4tik maiatzaren 27ra.
“Goazen kalera, Usurbil”
Egutegia: otsailaren 4tik maiatzaren 27ra.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Abiapuntua: tokian tokiko
frontoia.
Otsaila
4: Aginagan, Santa Ageda bezperako kantu-jira.
11: Usurbil erdigunean. Egurtzegitik igaroko da.
18: Santuenean Udarregiko ikasleekin.
25: Usurbil erdigunean. Eguneko Arretatik igaroko da.
Martxoa
11: Zubietan.
18: ekintza berezia Usurbilgo erdigunean. Ibilbidea ez da Egurtzegitik ezta Eguneko Arretatik pasako.
25: Aginagan.
Apirila
1: Usurbil erdigunean. Egurtzegitik igaroko da.
8: Santuenean Zubietako ikasleekin.
Maiatza
6: Usurbilgo erdigunean. Eguneko Arretatik igaroko da.
13: Zubietan.
20: ekintza berezia Usurbilgo erdigunean. Ibilbidea ez da Egurtzegitik ezta Eguneko Arretatik pasako.
26: Aginagan.