Santa Ageda bezpera

"Goazen kalera, Usurbil" ekimena eta Aginagako eskola batu ditu Santa Ageda bezperak

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 13:48

Santa Ageda bezperako kalejira girotua egin dute goizean Aginagan. Bertako eskolako kideak eta "goazen kalera, Usurbil" herri dinamika uztartu dituzte.

Belaunaldi artekotasunaren irudi ederra gaur goizean Aginagan jasotakoa. Izan ere, otsailak 4 ditu gaur, Santa Ageda bezpera dugu; aurten, gainera, asteartez egokitu dena. Egun gakoa belaunaldi ezberdinetako herrikideak, usadio zahar bat berritzeko hitzorduan elkartzeko. Halaxe egin dute Aginagan.

Lurra deiadarka, makila kolpen hotsez esnatzeko egun seinalatu honek bertako eskola eta urte hasierako etenaldiaren ondotik, astearte honetan berriz martxan jarritako "goazen kalera, Usurbil" dinamika uztartu eta bateratu ditu: Aginagako hezkuntza komunitatea eta astearteroko paseo osasuntsuetan parte hartzen duten herritarrak.

Koplaka
Ibilaldi girotu musikatua abiatu dute 10:30ak pasatxoan eskola ataritik. Gabonen atariko kalejiran egin ohi duten moduan, etxez etxe joan dira kantuan. Goiza, astearteroko herri dinamikaren baitan beti bezala, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestaturiko hamaiketako goxo askoa dastatuta amaitu dute.

Eguraldi eguzkitsua izan dute bidelagun, ondoko irudiok erakutsi moduan. Koplaka aritu dira, eskolakoek sortutako hainbat abestu dituzte. Santa Ageda bezpera gogotik girotu dute Aginagan astearte goiz honetan.