Oriaren 31. Traineru Jaitsiera

Sarikolatik 62 ontzi eta Mapiletik 15 abiatuko dira larunbatean Oriorantz

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 13a, 15:09

Ezagutzera eman dute, larunbatean Aginagatik abiatuko den Oriaren 31. Traineru Jaitsierako parte hartzaileen zerrenda.

Bi egun baino ez, errioa arraun munduko tradizio luzeko probarekin biziberritzeko. Oria arraunlariz josiko da otsailaren 15eko bazkalostean. Izan ere, etzi jokatuko da Oriako 31. Traineru Jaitsiera.

Ostegun eguerdi honetan, hilaren 13an bildu dira antolatzaileak talde argazkirako eta etziko probako xehetasunak emateko Orio Arraun Elkartearen egoitza den Arraunetxe atarian.

Giro zoragarria espero dute etzirako; udaberri betekoa, hego haizeari esker. Egun eguzkitsua izango dute arraunlariek, beste edizio hainbatetan ez bezala.

77 lehiakide
Gogoan izan, tradizioari hutsik egin gabe, Aginagatik abiatuko dira parte hartzaileak Oriorantz. Bi abiapuntu izango dituzte lehiakideek; 4.000 metroko proban ariko direnak Sarikola eta 6.000 metroko ibilbidea osatuko dutenek Mapil.

Igandean itxi zuten, 31. edizio honetan parte hartu nahi zutenentzako izen-ematea. Aste hasieran Orio Arraun Elkarteak jakinarazi moduan, 77 izango dira aurtengo edizioko lehiakideak. Gehienak, 62 zehazki, Sarikola eta Orio arteko 4 kilometroko proban lehiatuko dira, gainerako hamabostak Mapiletik hasita errioan behera zeharkatu beharko duten 6 kilometrokoan.

Segidan duzue parte hartzaileen zerrenda, baita talde bakoitza ze ordutan abiatuko den Aginagatik. Proba, larunbat arratsaldeko 16:30etan hasiko da Sarikolan. Minutuero abiatuko da arraunlari talde bat errioan behera Oriorantz. 62 talde, 4.000 metroko proba egiteko Orian barneratu ostean, helduko da gainerako hamabost taldeen txanda. Azken hauek 17:50ean abiatuko dira Mapiletik, azken taldea 18:04an.

Ondoko zerrenda horretan ikus dezakezuen moduan, Gipuzkoa eta Bizkaiko taldeak lehiatuko dira 6.000 metroko proban. Haietako hainbat ere bai, 4.000 metrokoan. Euskal Herritik kanpotik ere bisitan etorriko dira aurreko edizioen antzera; zehazkiago esanda, mediterranear itsasertzeko hainbat herrietatik. 


31. Oriaren Jaitsiera
Eguna: otsailak 15, larunbata.
Ordua: 16:30-18:04.
Tokia: Aginagako Sarikola (16:30-17:50) eta Mapil (17:50-18:04):
Parte hartzaileak:
-Llagut: 11.
-Jubenilen traineruak: 6.
-Beteranoen traineruak: 31.
-Emakumezko absolutuen mailan 14.
-Gizonezko absolutuen mailan: 15.
Guztira: 77.