Usurbilkultura.eus

Txiskeroak taldekoekin batera, Izan Bai taldearen estreinako kontzerturako sarrerak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 17a, 09:56

Izan Bai musika talde berriak Txiskeroak-eko kideekin batera larunbatean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eskainiko duten estreinako kontzerturako sarrerak eskuragarri dituzue.

Herenegun ospaturiko erromeria eta bertso-afariaren ondotik, kontzertuei eskainitako larunbat arratsaldea programatu du Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak otsailaren 22rako. Hasteko, berriki Odolaren Mintzoaren agurreko jaialdian parte harturiko Txiskeroak talde gazte usurbildarraren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Segidan, berriki sortu eta urtarrilaren 31n estreinako sorkuntza lana plazaraturiko Izan Bai taldeak girotuko du hitzordua. Guztia, otsailaren 22an, arratsaldeko 18:00etan hasita, Aginagako Eliza Zaharrean. Talde berriaren aurkezpen kontzertua izango da larunbat honetakoa. Kontzertuotarako sarrerak 2 eurotan eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman.

Bertara joateko gonbita egin du Izan Bai taldeak. "Oso pozik gaude ‘Dena Galdu Baino Lehen’ diskoa izaten ari den harreragatik. Izugarri eskertuta sentitzen gara! Desiatzen gaude jasotako dena bueltan emateko", adierazi dute.

Izan Bai
Heavy metal talde berria jaio da Usurbilen; Izan Bai. Azkeneko bi hilabeteotan hiru aurrerapen kanta eta bakoitzaren bideoklipak argitaratu ostean, lan osoa plazaratu zuten urtarrilaren 31n. "Dena Galdu Baino Lehen" izena du haien estreinako sorkuntza lanak. Plataforma digital ezberdinetan duzue entzungai. "Bihotzez, mila esker prozesu honen parte izan zaretenoi eta orain arte gure abestiak entzun eta hain ondo jaso dituzuen guztioi. Poliki-poliki, hau hastera doa, azkenean!", iragarri dute.

"Zumaiko Ozen estudioan grabatu dute lana, Jurgi Taboadaren gidaritzapean. Azalaren diseinua, berriz, Kuku Maitiak egin du". Bederatzi abestiko lan honen egilea honako talde hau da: Ixak Arruti (abeslaria eta gitarra), Martin Larrañaga (bateria), Ibon Aginaga (gitarra) eta Urtzi Olaziregi (baxua).

 

Erlazionatuak