Sustraiak egarri. Diskoko kanta batek izenburu hori du. Gaztaroko musika estilora itzultzeko grina nagusitu zaizue akaso?
Ixak Arruti. Bai. Azken lauzpabost urteotan beste proiektu batzuetan aritu naiz. Beste estilo batzuk jorratzen, beste talde batzuetan.... Eta kantari beharrean, bigarren maila batean. Duela gutxi, sustraietara itzultzeko gogoa piztu zitzaidan. Horregatik, musikalkibehintzat, etxera buelta bat bezala bizi dut proiektu hau. Heavy metala egiteko gogoa nuen, txiki-txikitatik entzun duguna eta gazte-gaztetatik egin izan duguna. Ideia horri segika hasi nintzen kanta batzuk egiten, nire kasa.
Beraz, kanta berriek ekarri dute Izan Bai taldearen sorrera?
I. A.: Hori da. Kantekin pozik nintzen baina “hau dena grabatu egin nahiko nuke”, esaten nion bere buruari. Musikaren arloan pasa zaidan gauzarik onenetakoa izan da lagunekin jotzea. Horrelaxe, Martin, Ibon eta Urtzirekin ekipoa osatu eta kanta hauek lantzen hasi nintzen. Lehen asmoa zen diskoa grabatzea. Hasierako ideia handitzen joan zen ordea, eta azkenean talde izaera eman diogu egitasmoari. Diskoa plazaratu dugu eta orain kontzertuak lotzen gabiltza. Hori izan da Izan Bairen istorioa.
Kanta guztiak zureak dira, Ixak.
I. A.: Hori da. Kanta guztiak egin eta gero hasi nintzen grabazioan pentsatzen. "Norekin grabatuko ditut? Ba lagunekin". Martini deitu nion lehenbizi, “ei kanta berriak ditut, lagunduko al didazu grabatzen?”. Horrela izan zen.
Mendeku Itxua, Izeberg, Neona, Natali, La Regadera... Proiektu askotan ikusi zaitugu azken urteotan. Bertso musikatuetan ere segitzen duzu. Zure pista galduta dugu, Martin. Korrika ikusten zaitugu tarteka, baina musika munduan, zertan aritu zara azken urteotan?
Martin Larrañaga. Bateria jasota izan dut hamar urtez. Mendeku Itxua eta gero, beste istorio batean hasi nintzen baina ez zen atera, eta geroztik denbora asko egin dut bateria jo gabe. Baduzu meritua, estilo hau ez baita batere erraza.
M. L.: Ez, ez da erraza. Baina Ixakek pazientzia handia du nirekin. Arazo handiena ordea, non jo izan da. Mendeku Itxua utzi eta gero, lokalik gabe geunden. Eta nik etxean ezin dut bateria jo. Bordatxotik ere entzungo zen! Uda partean ordu asko sartu nituen Zumarten, eta horri eskerrak!
Baina Haranen badaude entsegu-lokalak, ezta?
I. A.: Bi lokal daude eta bakoitzean zazpi talde. Gure filosofia da lokal horiek gazteei uztea, eta gurea izango den lokal bat alokatzea. Urte t´erdi aritu gara lokal bila eta azkenean topatu dugu bat alokairuan, Ugaldea industrialdean.
M. L.: Lokal honetan, oraintsu hasi naiz gustura sentitzen bateria jotzen. Hasi nintzenean, burumakur jotzen nuen eta orain hasi naiz burua altxatzen.
Zu eta Martin aski ezagunak zarete Usurbilen. Ibon Aginaga gitarrajolea eta Urtzi Olaziregi baxujolea aurkeztuko dizkiguzu?
I. A.: Mendeku Itxua-ren garaiko lagunak dira. Ibon Markina-Xemeingoa da baina Mutrikun bizi da. Krausk taldean jotzen zuen eta orain Soa taldean ari da. Mendeku Itxua-ren kontzertuetan, Su Ta Garren Jotake jotzera igotzen zen gurekin batera. Urtzi Olaziregi oiartzuarra da eta Irako sorreran hartu zuen parte. Kudain jotzen ere urte asko egin ditu. Heavy metalaren ingurukoak dira biak, jotzen jarraitzen dutenak, eta inportanteena, oso jatorrak dira!
Metal kutsuko kantak dira nagusi. Bada rock kutsuko traza duenik. Baladaren bat ere bai... Dena den, metalaren indarra da nagusi.
I. A.: Izan Baik izenak dioen bezala, ni naizena da diskoan jaso dena. Inoiz ez naiz hain libre sentitu konposatzeko garaian. Heavy metala oso gustuko dut, hori entzun dugu txikitatik. Su Ta Gar, Megadeth, Metallica... Baina asko entzun dut Foo Fighters edota
EH Sukarra. Eta beste estilo batzuk ere gustuko ditut. Country-a, adibidez. Musika klasikoa ere asko entzuten dut. Denetarik hartu eta horrelaxe atera zait diskoa. 20 urte baino gehiago dira Mendeku Itxua taldearekin hasi zinetela. Orduko zaleek zer diote?
M. L.: Konturatu gara garai hartako gure jarraitzaile asko gogotsu zeudela, zertan ari ginen jakin nahian. Garai batean izan genuen publiko hori mantentzen da.
I. A.: Publiko mota hau fidela da gainera.
M. L.: Zorionez, sentsazioak oso positiboak dira. Gauza batzuk Mendekuren estilokoak dira baina beste batzuk ez.
I. A.: Trash kutsu handiagoa da disko honek.
M. L.: Baina era berean, kotxean kantatu daitekeen musika da gurea. Mendekuko jarraitzaileak honen zain zeudela, nolabait esatearren.
I. A.: “Bazen garaia”, esan didate batzuk, pentsa.
Ixak, lehen aldiz, diskoko letra guztiak zureak dira, ezta?
I. A.: Bat izan ezik. Disko asko plazaratu ditut baina letretan ez naiz asko sartu orain arte. Esku bateko behatzekin zenbatu daitezke nik egindako letrak. Lehen aldiz jarri naiz idazten. Prozesu pertsonal gogorra pasa dut eta hor nire buruarekin egin dut topo. Lehen aldiz, paper zuri baten aurrean jarri naiz, kanta bakoitzean zertaz idatzi behar nuen erabakitzen. Musikan ez bezala, letrak idazteko garaian ez dut errekurtso asko. Musikan askoz gehiago erreparatu izan dudalako. Idazterakoan gainera, beti
izan dut beldur pixka bat. Niretik egingo dut? Beste baten ahotsetik? Ze punturaino biluztuko naiz? Errespetua nion idazteari. Baina horretara jarri naiz eta oso ondo sentitu naiz.
Barne borrokak dira nagusi hainbat kantetan (Barne borrokak, Izan Bai, Sutan nago). Bestelako kezkak ere islatu dituzu: euskara (Sustraiak egarri), Palestinako txikizioa (Heriotz minez), sare sozialak (Onarpen eske)... Baina orohar hartuta, zuretik asko dago lan honetan.
I. A.: Aipatu dituzun beste kontu sozial horiek hor daude, baina hau barrura begirako disko bat da: izan zaitez zu, maitatu zaitez, erabakiak hartzen dituzunean, onartu itzazu... Letra batzuk ilun samarrak dirudite, baina esango nuke badela baikortasun izpi bat denetan. ‘Iluntasuna ez da betiko’, esatera datorrena.
I. A.: Hori da. Oinarrian, zuloan egondako prozesu ilun hori hor dago, baina itxaropen kutsu bat dago kanta denetan.
Diskoa non eskuratu daiteke?
I. A.: Kontzertuetan eta Aitzaga tabernan. Kontzertuetan kamisetak ere jarriko ditugu salgai.
Otsailaren 22an Aginagako Eliza Zaharran arituko zarete. Izan Bai taldearen lehen kontzertua izango da.
I. A.: Hori da. Eta lehen kontzertua etxe inguruan egin nahi genuen. Gure burua egoera horretan ikusi nahi dugu berriro, gauza teknikoak lantzeko, soinu-probak eta horrelakoak denbora askorekin egin ahal izateko.... Ondoren etorriko diren emanaldiei begira, batez ere. Usurbilen gure moduko musika jotzeko aretorik ez dugunez, Aginagako Eliza Zaharrean egitea pentsatu genuen. Lagunak ditugu eta oso esku- zabal hartu gaituzte beti . Beraz, lehen kontzertua hantxe egingo dugu. Arratsalde partean joko dugu. 18:00etan izango da eta Txiskeroak herriko talde gaztea ere gonbidatu dugu. 18:00etan hasiko dira beraiek. Guk 19:00ak aldera joko dugu. Sarrerak usurbilkultura.eus eskura daitezke, bi eurotan.
M. L.: Bestela, sarrerarik gabe geratzen bada, bertara joanda ere eskuratu ahal izango du.