Adi, N634 errepidea erabili ohi duzuenok Aginaga eta Orio artean. Izan ere, eremu horretan aipatu bide hau erabat itxiko dute hurrengo astean, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez. Datorren astelehenean, martxoaren 3an hasita, guztiz itxiko dute N634 errepidea 9:00-17:00 artean, bost egunez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak zuhaitzak inausi eta mozteko egingo dituen lanak tarteko". Soilik inguru horretan bizi direnei utziko zaie bertatik ibiltzen, "kasuan kasuko bide mozketaren mugaraino", baita, noski, garraio zerbitzu publikoko autobusei edota larrialdi zerbitzuei.
Errepidea zehazki, "Aginagako biribilgunetik Orioko Txanka biribilguneraino" itxiko dute. Tarte horretan, egingo dituzte aipatu lanok. "Lanek aurrera egin ahala, mozketaren muturrak mugitzen joango dira, mozketak eragindako errepide zatia ahalik eta txikiena izan dadin", ohartarazi du Udalak.
Udaletik gaineratu dutenez, "langileen segurtasun baldintzak bermatzeko, egunez egin behar dute lan".