Aginaga eta Orio arteko N 634 errepidea, erabat itxita dago aste hasieratik, Usurbilgo Udalak gogorarazia duen moduan, "Gipuzkoako Foru Aldundiak zuhaitzak inausi eta mozteko egingo dituen lanak tarteko". Lanotarako egunero ari dira ixten egunotan aipatu errepidea, 9:00-17:00 artean eta hala segiko du gutxienez, bihar arte, martxoaren 7ra arte. Soilik inguru horretan bizi direnei utziko zaie bertatik ibiltzen, "kasuan kasuko bide mozketaren mugaraino", baita, noski, garraio zerbitzu publikoko autobusei edota larrialdi zerbitzuei.
Errepidea zehazki, "Aginagako biribilgunetik Orioko Txanka biribilguneraino" itxiko dute. Tarte horretan, egingo dituzte aipatu lanok. "Lanek aurrera egin ahala, mozketaren muturrak mugitzen joango dira, mozketak eragindako errepide zatia ahalik eta txikiena izan dadin", ohartarazi du Udalak.
Udaletik gaineratu dutenez, "langileen segurtasun baldintzak bermatzeko, egunez egin behar dute lan".