Euskaraldia 2025

Bingo musikatua edota mural margoketak Euskaraldiarekin bat egiteko

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 21a, 10:50

Euskaraldian barneratzeko hainbat ekimen egin dira egunotan; mural margoketak edota bingo musikatua, besteak beste.

 

Egunotan, milaka lagunek belarriprest nahiz ahobizi txapa paparrean daramatela ikusi ahalko duzue. Maiatzaren 15etik abian den laugarren Euskaraldia ikusgarri egiten ari dira egunotan milaka lagun Euskal Herri osoan, tartean, Usurbilen. Baina ikuspegia are gehiago zabalduta, ekimen hau ikusgarri egiten duten aztarna gehiago aurki ditzakegu herriko egoitza, plaza eta kaleetan.

Euskaraldia ikusgarri egiteko zenbait dinamika bideratu dira asteotan. Maiatzaren 9an, Zubietako plazako horman islatu zuten Euskaraldia eta haren laugarren edizio honetako aldarria; "elkar mugituz egingo dugu". Iragan astean, gauza bera egin zuten baita Aginagako plazan ere bertako eskolako kideek. Auzolanean margotu zuten horma-irudia.

Euskaraldia girotzeko, gainera, ekimena Usurbilen sustatzen aritutako herri batzordeak ere herriko faroletatik zintzilik ere hainbat pankarta eseki zituen hizkuntza ohituretan eragitea xede duen ekimena ikusgarri egiteko.

Asteazken honetan, maiatzaren 21ean, Aginagako eta Zubietako eskolako kideek bizikleta martxa bat egin eta udaletxe aurreko plazan koreografia ederra plazaratu dute.

Ekimen gehiago ere izan da egunotan. Udarregi ikastolak bingo musikatua antolatu zuen iragan ostiral arratsaldean. Harrera jendetsua izan zuen Agerialdeko patioan eginiko hitzorduak.

Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, azkenik, Elhuyarrek Osinalden duen egoitzan hitzaldia antolatu dute astearte honetan. "Euskararen egoera, gaur. Zer diote datuek?" izenburupean, gai horri buruzko xehetasunak eskaini dizkie Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkari Iñaki Iurrebasok. "Aurrera begirako erronkez hausnartzeko tarte aberasgarria", Elhuyarretik nabarmendu dutenez.