"65 urtetik gora izan eta bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen aginagarren zaintza hobetu eta beren komunitatearekin lotzea da egitasmoaren helburua", Udalaren esanetan. Egitasmoa asteazkenean, ekainaren 11n aurkeztuko dute arratsaldeko 18:00etan Aginagako Eliza Zaharrean.
"Bi lan-ildo izango ditu proiektuak. Batetik, bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen pertsonentzako plan pertsonalizatuak egingo dituzte, euren ongizatea eta gizarteratzea bultzatzeko, bakardadeak pertsonengan sortzen duen narriadura atzeratzea helburu. Bestetik, sentsibilizazioan eta aktibazioan oinarrituko den lanketa komunitarioa egingo da: zaintza sare komunitarioak indartzea izango da helburua, eta zenbait kasutan, berriak sortzea", Udaletik azaldu dutenez.
"Erronka konplexuak"
Usurbil herri zaintzailea izateko bide horretan kokatua dute proiektu hau. Izan ere, "arreta eta zaintza eredu publiko-komunitario berritzaile bat sortzea da proiektuaren helburua, adinekoen beharrei modu eraginkor eta iraunkorrean erantzungo diena, ingurune bakoitzera egokitutako zerbitzu eta teknologia publikoen garapena sustatuz, gizarte-sarea indartuz eta adinekoen bizi-kalitatea hobetuz. Betiere, ikuspegi komunitario, prebentibo, parte-hartzaile, hurbil eta pertsonalizatuarekin". Ildo horretan, "65 urtetik gorako aginagarrak elkarrizketatu nahi dituzte, euren egoera ezagutzeko: ekainaren 11ko aurkezpenaz gain, gutun bana bidaliko zaie etxera, proiektuaren berri eman eta parte hartzera gonbidatzeko".
Udala eta Zabalduz kooperatibako bi kide ari dira proiektu hau garatzen. "Zenbait hilabete daramate lanean: bakardade egoera ez-hautatuaren inguruko galdetegia osatu zuten, eta herriko hainbat eragilerekin elkarrizketak izan dituzte. Zehazki, 110 lagunen ekarpenak jaso zituzten galdetegien bidez, eta ia 50 elkarrizketa egin zituzten: diagnostiko horren emaitzak irailean aurkeztea aurreikusten da. Orain, adineko aginagarrengana gerturatu eta horiek ezagutzea izango da hurrengo urratsa".
Udaletik gogorarazi dutenez, "landa eremuetako bizitzak erronka konplexuak ditu aurrez aurre: biztanleriaren galera eta zahartzeaz gain, zailagoa dute hurbileko zerbitzuetarako irisgarritasuna, eta hauskortasun egoerak prebenitzeko estrategiak ahulak dira. Aginagan martxan jarriko den egitasmoa Transis Lab mugaz gaindiko proiektuaren barruan dago, zeina Interreg Poctefa Europako programak babestu eta Europako funtsekin finantzaturik dagoen. Horren helburua, hain zuzen ere, koordinazio soziosanitarioa hobetzea da, hauskortasun egoeran dauden landa eremuko adineko pertsonen zainketa hobetu eta beren komunitateekin konektatzearekin batera. Sei esperientzia pilotu jarriko dira abian lurralde ezberdinetan, Pirinio Atlantiko eta Garaietan, Nafarroan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Aginagakoa Eusko Jaurlaritzak sustatu du".