"Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" jardunaldiak izaten ari dira Artzabalen atzotik. Gaur, lurralde desberdinetako esperientzia kooperatiboei eman diete hitza, eta horien artean Aginaga Biziberritzen-i. Aginagakoekin batera Baikaikuarrok kooperatibak ere parte hartu du Leire Udabe Lakari kooperatibako kideak gidatutako mahainguruan.
Arrutik azaldu duenez, Aginagako herri kooperatiba iaz eratu zela formalki, nahiz eta 2023an sortu zen. Auzolana egiteko antolatuak zeuden, eta herri kooperatiba sortzea egituratzeko tresna bezala baliatu zuten. Aginaga Biziberritzen sortzeko beste arrazoietako bat "herria despopulazio batean murgilduta" dagoelako izan zen. Zahartze -tasa gero eta handiagoa da, eta baserriak hutsak gelditzen ari dira. Baina, lurrak pribatuak dira, eta ezin dituzte erabili.
Iaz sortu zen arren, kooperatibak ez du zerbitzurik ematen eta horregatik auzoan dauden topaguneak "birformulatu" beharko zirela uste du Arrutik. Izan ere, urteak dira denda itxi zutenetik, eta jubilatuen taberna ere ez dela bideragarria azaldu du Arrutik. Horregatik ostatu formula indartzen ari da Agingan.
Dena den, udalari eskerrak eman dizkio topagune horiek mantentzeagatik. Hala ere, auzolana abiapuntutzat izan duten arren, badakite lan postu egonkorrak sortu beharko dituztela, eta "ahal bada herrikoentzat", proiektua iraunkorra izan dadin. "Aginagako etxe bakoitzera heltzeko asmo irmoa dugu!", adierazi dute berriki.